Pankartak jartzeko aurrez baimena eskatuko da eta baldintzak bete beharko dira

Baleike 2016ko urr. 25a, 15:10

34 artikulu jasotzen ditu ordenantza honek, baina 17.a da zalaparta handiena sortu duena. Pankarta, pintada eta horma-irudien ingurukoa da artikulu hau.

Bileran alkateak gogoratu zuenez, 21 panel jarri dira herriko hainbat puntu estrategikotan kartelak jartzeko. Neurri honek harrera ona izan duela esan zuen eta beste herri batzuetatik informazio bila deitu izan dutela.

Ordenantzaren arabera, izango da kartelak aipatutako gune hauetatik kanpo jartzeko aukera, baita pankartak ere, beti ere aurrez Udalari baimena eskatzen bazaio, «kultura, arte, nahiz kirol arloko gertakizunak, kontzertuak, ikuskizunak, erakusketak» direnean. Pankarten kasuan hauteskunde-kanpainekin lotutakoak jarri ahal izango dira. Onartuak izateko irizpideen artean kartel eta pankarta hauek ezingo dute «iraingarriak izan eta «pertsona eta kolektiboen oinarrizko eskubideak» errespetatu beharko dituzte. Segurtasun arrazoiak medio, ez da baimenik emango pankartak errepide ondoan, kale-argietan, zubietan, hesietan eta abarretan jartzeko, eta «ingurumena babesteko» ez da baimenik emango zuhaitzetan, zubietan, eta ibaitik hurbil dauden antzeko elementuetan jartzeko. Eskaeran eskatzailearen identifikazio datuak, pankartaren edukia eta neurria, kokalekua eta, jabetza pribatuak badira, partikularraren baimena, euste motaren zehaztapena eta zenbat denboraz egongo diren jarrita zehaztu beharko dira. Horma irudien kasuan, zirriborroa eta neurriak ere eman beharko dira.

Gaitutako guneetatik kanpo dauden kartelak udal zerbitzuek kenduko dituzte eta horren gastuak kartelak jarri dituenaren kargura izango dira. Pankarten kasuan, iraungi eta hurrengo bi egunetan kendu beharko dituzte; bestela udal zerbitzuek kenduko dituzte eta gastuak jarri dutenei kargatuko zaizkie. "Ondorio berak eragingo ditu baimenik gabeko edo baimendutakoarekin bat ez datozen pankartak jartzeak".

Ordenantzaren zirriborroa hemen duzue.

Jokabide Zibikoari Buruzko Eta Bide Publikoaren Erabilera- Okupazioa Eta Garbiketa Arautzeko Ordenantza by baleike on Scribd