Elkar ulertzerik ez zen izan garbiketa ordenantzaren inguruko bileran

Baleike 2016ko urr. 25a, 15:02

Pankartak eta kartelak ezartzearen harira izan ziren bileran zehar esandako hitz denak. Isunak ez ezartzea eta ordenantzetan jasotzen den artikulu polemikoa, pankarta eta kartelen inguruko 17.a aldatzeko edo kentzeko eskatu zuten bertaratu ziren eta hitza hartu zuten herritarrek. Arauak beharrezkoak direla esan zuen alkateak.

Artikulu batean jasotzen diren betebeharren eta haiek ez betetzearen ondorioz ezarri daitezken isunen inguruko saio batera mugatu zen astelehenean Alondegian egin zen bilera irekia. Berez, Jokabide zibikoari buruzko eta bide publikoaren erabilera, okupazioa eta garbiketa arautzeko ordenatza izena daraman dokumentuaren inguru herritarren iritzia biltzeko asmoarekin deitu zen bilera hau, baina elkar ulertzea ez zen astelehenean Alondegira heldu.

Gobernuak orain 15 egun publiko egin zuen ordenantzaren lehen zirriborroak hainbat gai jorratzen ditu: karga-deskarga lanak egiteko betebeharrak, publikoan baimenduta ez dauden jokaerak edo portaerak, obra eremuetako garbiketak, eta abar. Bilera, baina, artikulu batera mugatu zen, 17.era, Antolamendua eta garbiketa kartelak, pankartak, banderatxoak, esku-paperak, pegatinak, pintada, grafitiak eta horma irudiak jartzean izenekora.

Otsailean kaleetan pankarta eta kartelak jartzea debekatu zuen Udal Gobernuak eta handik aste batzuetara ordenantza bat prestatuko zutela adierazi zuen. Bien artean Kalea Guztiona Da mugimendua sortu zen. Ordutik Erribera kaleko hormaren zeremonia izan dugu ia astebururo.

Herenegun egindako bileran ez zen elkargunerik aurkitu. Araudi honetarako beste herri batzuetakoak erabili dituztela azaldu zuen Oier Korta alkateak: Irungoa, Donostiakoa, Zarauzkoa..., "beti ere Zumaiara egokituta". Arau batzuk izatearen beharra aldarrikatu zuen, adierazpen eskubidea errespetatzen zuela eta antzerako ordenantzak izandako herrietan (Zarautz jarri zuen adibide bezala), gobernu aldaketen ondoren inork ez zuela ordenantzak bertan behera utzi.

Hitz egin zuten herritarrek behin eta berriro eskatu zuten isunak ez ezartzea eta 17. atal hori aldatzea edo osotasunean kentzea. "Isunak alde batera utzi eta lan pedagogikoa egitea pentsatu al duzue?", galdetu zuen batek. Pankarta bat onartua izateko bere edukia udaletxeko sail batek onartu behar izanarekin harridura erakutsi zuena ere izan zen. "Bideratuta zegoen kontu bat zergatik bihurtu nahi izan duzue gatazkatsu?", galdetu zuen jarraian. Beste batek salatu zuen ordenantza hau zirriborro fasean izanda ere, dagoeneko aplikatzen ari direla.

Elkar ulertze falta horretan joan zen arratsa.