Game of Thrones

"Gaur arte ez zegoen kaleko filmaketengatik kobratzeko modurik"

Baleike 2016ko urr. 15a, 12:53
'Ocho apellidos vascos' pelikularen grabaketa Sanjuaniturrin.

Filmaketentzat tasa berria onartu du Udalbatzak, orain arte ez baitzegoen gaia arautzen zuen ordenantzarik. Aurrerantzean, 300 euro kobratuko dira eguneko eta kokalekuko –150 euro irabazi asmorik gabeko proiektua bada, edo euskaraz bada–.

Game of Thrones telesailaren grabaketak sortu duen galderatako bat izan da ekoiztetxeak ordaindu egingo ote duen edo ez espazioak erabiltzeagatik. Plenoan eman ziren azalpenekin, horrela labur daiteke egoera:

-Atzo arte, Zumaiak ez zuen filmaketen tarifak arautzeko ordenantzarik. Beraz, kaleko espazio publikoak erabili izan direnean –adibidez, Sanjuaniturri Ocho apellidos vascos pelikulan–, "Udalak ez zuen kobratzeko modurik, nahi izan balu ere", Oier Korta alkateak azaldu duenez. Aldiz, Komentua erabili den kasuetan kobratu ahal izan da, alokairua zehaztuta dagoelako.

-Game of Thrones-en kasuan, Itzurun inguruan gordetako aparkalekuengatik ordainduko dio ekoiztetxeak Udalari. Gainontzean, Alondegia erabiltzeagatik ez zaio kobratuko. Horrela esplikatu du alkateak: "Ekoiztetxeak ordaintzeko borondatea izan du hasieratik, baina guri zentzugabekeria iruditzen zitzaigun 50 euroko alokairua eskatzea, jakinda erabili den bi aldietan lan poltsarako eta figuranteak aukeratzeko izan dela; hau da, lanik gabe dagoen hainbat zumaiarren mesederako". Eta hondartzari dagokionez, eskumena Kosta Zuzendaritzarena denez, hark kobratuko ditu ekoiztetxeak ordaindutakoak.

Erlazionatuak

Zumaia pelikuletan

Baleike 2016 mar 01 Zumaia 1