"Bosgarren edukiontziko giltza edukitzeak ez du erabiltzen denik bermatzen"

Baleike 2016ko urr. 15a, 12:44

Hondakinen tasa %8 igotzeko prest zegoen EHBildu, baldin eta organikoaren bereizteko edukiontzia erabiltzen dutenei %7,4ko hobaria aplikatuz gero. Udal Gobernuak ez du hobaria onartu, argudiatuz gaur egun edukiontziko giltza edukitzeak ez duela erabiltzen denik bermatzen. Konposta egiten dutenei %20ko hobaria mantendu zaie.

EHBilduk atzo azaldu zuenez, bi izan dira ordenatza fiskalei ezezko botoa emateko arrazoiak. Lehena, hutsik dauden etxebizitzei ez zaiela gain-zergarik aplikatuko –iaz erabaki zuen Udal Gobernuak kentzea–. Udal Gobernuko kide Mari Cruz Alvarezek horrela azaldu zuen Udal Gobernuaren irizpidea: "Gure ustez bigarren etxea erosiz inbertsioa egin duenari ez zaio zigorrik ezarri behar, bere aukera izan baita aurreztutako diruarekin inbertsio hori egitea. Beste batzuek diru horrekin bidaiatzea aukeratzen dute eta hori ez da zigortzen. Gu ez gaude aurreztu eta inbertitu duenari zigortzearen alde".

Baina eztabaida handiena hondakinen tasak eragindu. EHBilduren iritziz, errauskailua eraiki behar izatea da tasa %8 igotzearen arrazoi nagusia. Hala ere, igoera onartzeko prest agertu zen, baldin eta hondakinak bereizten dituzten herritarrak %7,4ko hobariarekin sarituko balira. "Gure proposamena da orgainikoen edukiontzia erabiltzeko giltza dutenei aplikatzea hobaria; giltza ez dutenek ziur ez dutela organikoa bereizten", azaldu zuen EHBilduko zinegotzi Alex Olidenek.

Horren aurrean, Udal Gobernuak arrazoitu zuen giltza edukitzeak ez duela erabilera bermatzen. "Agian aurrerago posible izango da jakitea nork bereizten duen eta nork ez, eta orduan posible izango da hobariak aplikatzea, baina gaur egun kontrol faltagatik ezinezkoa da", erantzun zuen Alvarezek. Oier Korta alkarteak azaldu zuenez, 2.500 dira gaur egun giltza duten erabiltzaileak, "baina kopuru horiek ez datoz bat birziklatze mailarekin; askok ez dute erabiltzen".

Bosgarren edukiontzia nork erabiltzen duen eta nork ez kontrolatzeko sistema bat aztertuko du Udalak datorren urterako, eta konpromiso horri heldu zion PSEko zinegotzi Arritxu Marañonek %8ko igoera ontzat jotzeko: "Hondakin gutxiago sortzen dutenak eta birziklatzen dutenak saritzen saiatu behar gara. Hori konprobatzeko sistema aztertuko duela esan du Udal Gobernuak eta horren zain geldituko gara".