Game of Thrones

"Harri horiek gizakiak egindakoak dira eta gaur egun funtziorik ez dute"

Baleike 2016ko urr. 6a, 13:17

Telesailaren grabazioko ekoiztetxeak hala eskatuta, San Telmo azpira eramaten duen harriak txikitu dituzte hondeatzaile baten bidez. Lanak oraindik amaitu gabe daude. Udalak hasiera batean ez zuen hitz egiteko asmorik baina sortutako iskanbilaren ondoren, azalpenak eman ditu.

Udalaren esanetan, gaur goizean Foru Aldundiko eta Kosta saileko bana hurreratu da Itzurun hondartza banatzen duen harri multzoa aztertzera. Beti ere Udalaren esanetan, horma hori aztertu dute pixkanaka natura aldetik garrantziarik duen erabakitzeko. Haien ondorioa izan omen da harri multzo hori ez dela naturak egindakoa, gizakiak egindakoa baizik eta gaur egun funtzio jakinik ez duela. Hala ere, kendutako harriak gordeko dituztela azaldu dute, etorkizun batean, agian, berriro jartzeko.

Udalak gaineratu du Kosta sailak bazuela harri multzo hori kentzeko asmoa eta grabazioagatik aurreratu egin dutela. Horrez gain, gaia Udal batzordetik pasa zela eta bertan onartua izan zela.

(Oharra: Udalaren lehen adierazpenetan esan da Geoparkeko teknikari bat ere Itzurunen izan dela erabakia hartu denean. Ez da hala izan eta testutik kendu dugu)