Etorkizuneko Zumaia marrazteko 79 proiektu jasotzen ditu Plan Estrategikoak

Baleike 2016ko ira. 29a, 09:50
Oier Korta alkatea, EHBilduko zinegotzi Alex Oliden eta Elhuyarreko kideak, atzoko aurkezpenean.

Herritarrekin egindako urtebeteko lanaren emaitza da datozen hamar urteotarako landu den Plan Estrategikoa. Herriaren gaur egungo diagnosia egiteaz gain, etorkizuneko Zumaia eraikitzeko 79 proiektu jasotzen ditu, lau ildo nagusitan sailkatuta. Proiektuak gauzatzeko epeak eta gutxi gorabeherako aurrekontuak ere zehazten ditu dokumentuak. Oier Korta alkateak eta Alex Oliden EHBilduko Udal Taldeko bozeramaleak herritarrek egindako ekarpenak eskertu zituzten, eta aurrera begira lan egiteko ildoak ongi zehaztuta gelditu direla azpimarratu zuten biek ere. Beheko loturan aurkituko dituzue Plan Estrategikoaren dokumentuak. Dokumentu luzean zehazten dira 79 proiektuen detaileak.

1990eko hamarkadan landu zen aurreko Plan Estrategikoa eta, hura agortuta, herriaren norabidea markatuko zuen gida liburu berria behar zuela ohartuta zeuden udaletxean. Aurreko legealdian jarri zen prozesua martxan, Udal berriak bere egin zuen eta, prozesuari zenbat aldaketa eginez eta urtebete luzeko lanketaren ondoren, atzo aurkeztu zuten emaitza. Bidean, ia 200 herritarrek hartu dute parte, eta 18 bilera egin dira herriaren diagnosia eta etorkizuneko erronkak zehazteko. Udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek hartu dute parte lanketan, eta udal teknikariek ere bai. Emaitza: lau ildo nagusitan sailkatuta 18 helburu estrategiko eta 79 proiektu.

Proiektu guztientzat kalkulatu dute gutxi gorabeherako aurrekontua, eta epeak ere jarri dituzte egutegian. "Jaso diren proiektuetako asko martxan daude dagoeneko, eta beste batzuk etengabe landu beharrekoak dira", aipatu zuen Oier Korta alkateak. Proiektuen artean mailaketa bat ere egin dute, lehentasunak ezarri dituzte. "Ez da erraza izan, denak iruditzen zaizkigulako garrantzitsuak, baina lehentasunak ezarri behar dira eta ariketa hori ere egin dugu", arrazoitu zuen Kortak. Gainera, herriaren gaineko ikuspegiaz, Udalaren eta herritarren artean sintonia handia dagoela azpimarratu zuen: "Guk ikusten ditugun erronkak eta herritarrek ikusten dituztenak ildo beretik doaz; eta alderdi politikoen artean ere adostasun handia egon da, ez da ika-mika handirik egon".

Alkateak jakinarazi zuenez, hiru izango dira datozen urteotan lehentasunez landuko diren gaiak: irisgarritasuna, turismoa eta Udal Elkartearekin elkarlana (enpleguari begira). "Irisgarritasunari dagokionez, lanketa bat egin beharra dago, ibilgailuen eta oinezkoen arteko oreka lortzeko neurriak hartu behar ditugu. Oinezkoari lehentasuna eman nahi diogu, horrek bizitza kalitatea hobetzen duelako", azaldu zuen.

Ekonomia sustatzea da Udal Gobernuaren kezka nagusia, eta eraginkorragoak izateko elkarlana sakontu nahi dute Udal Elkartearekin, "hark dituelako enplegua sustatzeko tresnak eta azpiegitura". Eta datu kezkagarria ere eman zuen Kortak: "Urola Kostan langabezia tasa altuena daukan herria da Zumaia, eta horrek asko kezkatzen gaitu".

Azkenik, turismoaz, "kalitatezko turismoa" sustatu nahi dutela azaldu zuen: "Turismoa ez dadin izan soilik uda garaikoa, urte osoan izan dadin diru iturri, horrek ostalaritzako eta merkataritzako lanpostuak sendotzen lagunduko duelako. Azpiegiturak hobetzeko ahalegina ere egingo dugu".

Txostenean jasotako proiektuak benetan gauzatzen diren edo ez kontrolatzeko, zinegotziak eta udal teknikariak urtean behin bilduko dira, irailean, segimendua egiteko.

Alex Oliden: "Herria zoriondu nahi dugu"

EHBilduko zinegotzi Alex Olidenek ere hartu zuen hitza atzoko aurkezpenean. EHBilduren izenean, oso pozik eta eskertuta agertu zen herritarrek eta teknikariek egindako lanagatik. "Herria zoriondu nahi dugu lan handia egin delako, eta bide zehatza markatu digulako etorkizunerako".

Eta horrela laburtu zuen Plan Estrategikoaren lanketak eman duena: "Hiru ideia indartsu atera dira, behin eta berriz. Lehena, jasangarritasuna: turismo eredu jasangarria, hiria planifikatzerakoan, ingurumena zaintzerakoan... Behin eta berriz, herritarrek azpimarratutako ideia izan da. Bigarrena, pertsonak erdigunean:gizarte zerbitzuen hobekuntza, berdintasunean eta elkarbizitzan egin beharreko aurrerapausoak... Eta hirugarrena: gure nortasuna mantenduz eta sendotuz, mundura ireki; munduari ekarpena egitea gure ikuspuntutik".

Azkenik, lan hau egiteko erabili den metodoaren balioa azpimarratu zuen: "Iritzi ezberdineko jendea bildu elkarrekin lanean jarrita, arrakasta segurua da".