2017ko aurrekontuetan eragiteko aukera zabaldu die Aldundiak herritarrei

Baleike 2016ko ira. 26a, 15:47

Aurrekontu irekien ekimena aurkeztu du gaur Zumaian Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramale Imanol Lasak. Hurrengo urteko aurrekontuetarako herritarren ekarpenak biltzea da xedea. Karpa gaur Zumaian egongo da jarrita egun osoan, 19:00ak arte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramale Imanol Lasak berak aitortu du gaur goizean Zumaian egindako aurkezpenean: «Ez dira aurrekontu parte hartzaileak proposatzen diren lehen aldia». Baina ekimen berri honetan, metodologian eta Aldundiaren konpromiso maila omen dago jauzia. Horrela defenditu du: «Urratsak oso ondo definitu ditugu: aurrena ekimenaren berri eman genuen; orain ekarpenak eta herritarren iritziak jasotzeko fasean gaude; ondoren, horiek guztiak aztertu eta erantzuna emateko konpromisoa hartu dugu, proposamenetatik zeintzuk bai eta zeintzuk ez, eta hori jakinarazi egingo dugu; eta egingarri jotzen ditugunak gure aurrekontu proposamenera gehituko ditugu, eta hori defendituko dugu Batzat Nagusietan».

Ekarpenak jasotzeko, Gipuzkoako 16 herritan egongo dira datozen egunotan, karpa batekin. Hiru ariketa egin ahal izango ditu herritarrak: lehena, aurrekontuaren hamar atal nagusiak lehentasunaren edo garrantziaren arabera ordenatu; bigarrena, Aldundiak proposatutako hamasei proiektuetatik zortzi aukeratu; eta azkena, ekimenak proposatu. Guztira, 812 milioi euroko inbertsioa egin nahi du Aldundiak 2017an, eta atal bakoitzerako gordetako diru kopurua ere azaltzen du herritarren eskura jarritako esku-orrietan.

Datozen egunotan herriz herri ibiliko den karpan bete daitezkeen esku-orriez gain, Internet bidez ere egin daitezke ekarpenak, Aldundiaren webgunean, gipuzkoa.eus/irekia/partaidetza helbidean. Karpa gaur Zumaian egongo da, Beheko plazan, 19:00ak arte.