Endañeta Berri: apartamentu modernoak baserri giroan

Publi-erreportajea 2016ko ira. 20a, 13:08

Zumaiar askok oraindik ez dute Endañeta Berri agroturismoa ezagutzen, baina bigarren uda osatu du iaz ateak zabaldu zituenetik, eta dagoeneko turista askoren aterpe izan da. Sei apartamentu eder eskaintzen ditu, mimo handiz dekoratuak, zabalak eta erosoak, eta bisitaria bere kasa moldatzeko behar diren osagarri guztiekin. Hori guztia non eta landa giroan, behi eta baratze artean, baserritarren bizitza bertatik bertara ezagutzeko. Bere etxeko ateak ireki eta ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkigu Arantxa Eizagirrek.

Jadarre auzotik gora igota, Xarrondo eta San Martin artean daude Endañeta baserriak. Errepidearen parean dagoena da Endañeta Berri, Arantxa Eizagirreren etxea. Baserri zaharra eraitsi eta etxe berria eraiki zutenean ikusi zuen Arantxak inbertsioari etekina ateratzeko aukera, eta Zumaian gero eta ugariagoak diren turistentzat sei apartamentu prestatzea erabaki zuen. “Hasieran gure asmoa zen etxea berritzea: sukaldea, bainua... Baina pentsatzen hasi eta ikusi genuen etxe berria eraikitzea egokiago zela. Eta hala sortu zen aukera. Pentsatu nuen: zergatik ez ditugu goiko solairuak turistentzako prestatzen? Gu hemen baserriko lanetatik bizi gara, behiak dauzkagu eta baratzea; horrek aukera ematen zigun agroturismoa martxan jartzeko. Hala hasi nintzen”.

Apartamentuak, ez gela soilak

Bi ideia zituen Arantxak oso garbi hasieratik. Lehena, apartamentuak eskainiko zituela, eta ez gela soilak. “Guk baserriko lanak egin behar ditugu egunero, behiak gobernatu behar ditugu; gelak eskainiz gero, bezeroari gutxienez gosaria eman behar diozu, hura noiz jaikitzen den zain egon behar duzu... Eta bi lanak ezin dira ondo egin. Horregatik, hasieratik oso garbi neukan apartamentuak jarriko nituela, apartamentu ederrak, bizimodu autonomoa egiteko behar den guztiarekin, baita denboraldi luzea pasa behar duenarentzat”. Eta halaxe dauzka jarrita sei apartamentuak: gela zabalak, ohe handiak, sukalde ederrak etxetresna modernoekin (indukziozko sua, labea, hozkailu handia, mikrouhin labea...), bainugela konpletoa. Dena dekorazio moderno eta goxoarekin jantzita, baserri giroa gogoratzen duten detaileekin. “Datorrena etxean bezain eroso senti dadin nahi dugu, bere autonomia guztiarekin eta giro intimoan”.

Aipatzekoa da, baita ere, etxea berritu zutenean energia berriztagarrien aldeko apustua egin zutela. “Hemen ez dugu ez gasik ez gasoilik erabiltzen etxea edo ura berotzeko; PELETa erabiltzen dugu”, azaldu ditu Arantxak.

Baserri giroa: behiak

Oso garbi zeukan bigarren ideia, baserria zer den erakustea. “Baserritarrak gara gu, hori da gure ogibidea, eta gure bizimodua ezagutzeko aukera eman nahi diegu bisitariei. Gure kasuan, behiak dauzkagu, eta horixe eskaintzen dugu gure webgunean, egun batzuk behi artean pasatzeko aukera. Badakit zenbait jenderi atzera egingo diola, baina asko dira abereak erakarrita etortzen direnak, batik bat umeak dauzkaten familiak. Gaur egun, ume askok ez dakite baserri bat zer den, ez dute behirik ikusi, ez dira baratze batean egon. Beraientzat sekulako esperientzia da ukuiluan sartu eta behiak ikustea, txahalak ukitzea, jaten ematea...”.

Lehendik ere badu esperientzia kaleko haurrei baserria erakusten. “Lehen eskolatik ekartzen zituzten umeak, baserria zer den ezagutzera. Behin, akordatzen naiz, txahala jaiotzen ikusi zuela talde batek. Hura sekulakoa izan zen ume haientzat. Oraindik ere batzuk gogorarazten didate. Egia esan, umeak kotxetik jaitsi orduko ukuilura joaten dira zuzenean. Goizean jaiki eta bisita; eguerdian etorri eta bisita. Esnea biltzera joateko aukera ere badute, eta esne hori ematen zaie, gosaltzeko-edo nahi badute, eta ez zaie kobratzen. Ikaragarri gozatzen dute”.

Hamaika lekutako turistak

Iazko uda atarian zabaldu zituen ateak Endañeta Berrik baina, ibilbide laburra izan arren, dagoeneko bazter askotariko turistak hartu ditu. “Harrituta nago, gure burua ezagutzera emateko astirik izan gabe, nola deitu digun jendeak atzerritik. Jendea etorri zaigu Italiatik, Herbeheretatik, Danimarkatik, Finlandiatik...Eta aurten asko Kataluniatik”. Asko ume txikiak dauzkaten familiak dira, baina baita bikoteak eta koadrilak. “Koadrila asko izan ditugu despedidak egiten”.

Turismoak Zumaian nabarmen gora egin duela dio Arantxak, eta jendeak badakiela nora datorren: “Badakite Zumaiara etorri nahi dutela, badute Geoparkearen berri, flyscharen berri... Eta gero askok Ocho apellidos vascos aipatzen dute, San Telmo, Sanjuaniturri... Horren bila datoz”. Eta txundituta gelditzen omen dira iritsi orduko aurkitzen duten inguruarekin. “Askok esaten dute, zer bista, zer bake, zer pribilegio! Gu ohituta gaude eta ez zaigu hain berezia iruditzen, baina akordatzen naiz Murtziako batzuekin, haiek harrituta zeuden “dena berdea” zelako. Eta tenperatura eskertzen dute, “infernutik zerura” etorri direla diote askok. Eta hemen goian dagoen isiltasuna”.

Gelentzat aukeratutako izenak

Baserri giroan halako apartamentuak ez ditu espero bisitariak. “Diseinuak atentzio handia ematen dio jendeari, asko galdetzen dute horren inguruan. Diseinatzaile batekin egindako lana izan da. Oso suabe dago dena. Landetxe askotan ikusten dira kolore gogorrak, objektu asko eta dena oso betea. Hemen berriz, dena kolore leunekin dago eta detaileak oso zainduak, gehiegi bete gabe”. Gainera, gela bat bereziki prestatuta dago ezagaitasunak dituztenentzat, eta igogailua ere badu etxeak.

Gelen izenak aukeratzean ere ez pentsa nolanahi jarri dituenik. Bere bizitzarekin eta inguruarekin zerikusi zuzena dute denek: “Etarte, San Martingo eta Zumaiako bideek bat egiten duten ingurua da, eta han lurrak dauzkagu; Txinduka, Saskarateko zuloan dagoen eremua da, errekazuloa sortzen da hor eta aintzinean inguruko emakumeak hango albergara joaten ziren arropak garbitzera; Mardu, izen bereko baserrikoak tartekoak egiten direlako; Oranda bekoa, Azpeitiko Agirre bertsolariaren baserriaren izena da, gaur egun Endañetan dagoen Agirre abizena handik datorrelako; Gezarreta, Goiatzen dagoen baserriaren izena, gure amaren jaiotetxea; Itturrei, Getariako baserria zena, orain hotela da (Askizu aldean), gure aitaren jaiotetxea”.