Iñigo Peña Rion

Iñigo Peña: "Ohore bat da zumaiar izatea"

Baleike 2016ko abu. 23a, 21:59
Iñigo Peña Kofradiako balkoian, herritarren omenaldia jaso ondoren. Argazkia: Gorka Zabaleta

Zumaiarren omenaldia jaso du gaur arratsaldean Iñigo Peña piraguistak. Rioko Joko Olinpikoetatik zuzenean iritsi berri, herritarren merezitako txaloak jaso ditu Fielatotik Kofradiako plazara egindako bidean. 

Arratsaldeko zortziak aldera iritsi da Iñigo Peña Zumaiara. Riotik Madrilera egin du bidaia goizaldean, eta han zain zituen Itxas-Gaineko lagunak, furgonetan sartu eta Zumaiara ekartzeko. Fielato parean jaitsi da furgonetatik, eta han jaso ditu senide, lagun eta herritarren lehen besarkadak, bostekoak eta musuak. Itxas-Gaineko piraguistek ezker-eskuin lagunduta, Kofradiako plazarainoko bidea egin du txarangarekin. Behin plazan, aurreskua dantzatu diote eta, lore sorta jaso ondoren, Kofradiako balkoira igo da.

Rioko hiru estropadak gogoratu ditu Arritxu Iribarren galderei erantzunez, eta pozik azaldu da lortutako bosgarren postuarekin. Finalaren egunean, Beheko plazan jarritako pantaila handiaren berri proba bukatu bezain pronto izan omen zuen: "Berriako kazetaria zegoen finalean, eta proba bukatu zenean hemen Zumaian bere lankide batek [Julen Aperribai kazetari zumaiarrak] grabatutako irudiak erakutsi zizkidan. Benetan hunkigarria da niretzat zumaiarrak nirekin gozatzen dutela jakitea; ohorea da niretzat zumaiar izatea".

Jokoetatik bueltan, datozen asteotan atseden hartzea baino ez du buruan Iñigok, baina Arritxuk zirikatu du 2020ko Jokoetarako. Plazan bildutako jendeak hitza eman du, lau urte barru ere han izango dela Iñigori Tokiotik bueltan ongi-etorria egiteko. Erronkari ezin ezetzik esan, Iñigo!

 

Erlazionatuak