"Legealdi berrian bakea eta bizikidetzarako baldintzak ezarri behar dira; bestela lotsagarria izango da"

Baleike 2016ko abu. 8a, 14:36

ETAk Joxe Mari Korta hil zuela 16 urte bete dira gaur. Urtero bezala, Korta sendiko kideak, alderdi politikoetako ordezkariak eta gizarte zibileko kideak bonba-autoa lehertu zen toki berean ezarritako oroitarriaren inguruan bildu da eraildako enpresaria gogoratzeko.

15 minutuko isilaldia gorde da eguerdian. Ekitaldian izan dira, hurrenez hurren, Zumaiako eta Zestoako udaletako ordezkariak, Joseba Egibar, Arantza Tapia, Joseba Agirretxea eta Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNVko kideak; Pello Urizar, Xabier Olano, Iñaki Ostolaza eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, EH Bilduko kideak; Podemos-Ahal Duguko Lehendakaritzarako hautagai Pili Zabala; eta Bake eta Bizikidetzarako idazkaritzako kide Jonan Fernandez eta Aintzane Ezenarro. Ibilgailu baten bozgorailuetatik ateratzen zen Xalbadorren heriotzean abestiaren doinuekin amaitu da ekitaldia.

Jarraian, Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko bozeramaile Jesus Mari Mujikak hitz batzuk luzatu ditu. Hasteko, eskerrak luzatu dizkie bakearen alde pausoak ematen ari diren guztiei, "lehenbizi biktimei beraiei, askok erakutsi duten eskuzabaltasunagatik". Gizarte zibila ere eskertu nahi izan du, "gero eta argiago eskatzen ari delako bakerako eta bizikidetzarako baldintzak". Alderdi politikoak eta erakundeak ez ditu ahaztu eskertzan.

Alderdi politikoei luzatu dizkie jarraian hitz batzuk. Legealdi berrian, "gehiago luzatu gabe", bake eta bizikidetzarako baldintzak eta eremuak ezartzea erreklamatu du. "Hori ez egitea lotsagarria izango litzateke, biktimek eta gizarte zibilak egindako ahaleginak kontutan hartuta".

Hori egiteko bi baldintza ikusten dituztela ere adierazi du. "Aurrenekoa, politikakeriak alde batera utzi behar dira. Jendea aspertuta dago hemen ere politikakeriak ikustearekin. Gero, bestalde, damuak eta barkamenak eskatzea eremu pertsonaleko gauzak izango dira, egia da, baina herri honetan gertatu denaren, eta, batez ere, gertatutakoaren aurrean egon diren jarreren aurrean, errekonozimendua behar beharrezkoa da. Alegia, biktimak kontsideratzen ditugun horiek guztiak ekintza injustuen ondorioz dira biktimak, eta horregatik merezi dute eman diezaioketen errekonozimendu handiena. Hori onartzen dituen errelatoa edo errelatoak izan daitezke bakarrik egiazkoak". 

"Euskal Herriko haur eta nerabeek eskubidea dute historiaren aurrean erantzun egokia ematen duen gizarte batean gizarteratzeko eta bizitzeko. Ahalegin hori denei eskatu behar zaie", esanaz amaitu ditu Mujikak bere hitzak.