Game of Thrones

Urriaren 26an hasiko dira 'Game of Thrones' Zumaian grabatzen

Marina Berri jatetxean egin dute gaur goizean aurkezpena.

Grabaketa Itzurunen izango da, sei egun iraungo du, baina bazpahiru asteko aurrelana egin behar dute eskenatokia prestatzeko. Ekoizpenean 400 bat langilek hartuko dute parte. Oier Korta alkateak jakinarazi duenez, abuztuan lan poltsa zabalduko da udaletxean.

Atzo HBO ekoiztetxeak baieztatutakoa berretsi du gaur goizean Oier Korta Zumaiako alkateak, Game of Thrones Zumaiara datorrela zazpigarren denboraldiko eszena batzuk grabatzera. Marina Berri jatetxean egin berri den prentsaurrekoan, ezin izan dute ekoizpenari dagozkion xehetasun gehiegi eman, baina hainbat datu aurreratu ditu. Hemen garrantzitsuenak:

Nola hautatu dute Zumaia?

HBO ekoiztetxeak hiru urte daramatza Espainian lanean, eta orduz geroztik badu ekoiztetxe laguntzaile bat han. Ekoiztetxe hura arduratu da penintsula osoa goitik behera aztertzeaz, lokalikazio berrien bila. Telesailerako behar zuten eszena jakin baterako leku egokiena Itzurun zela baloratu zuten, lanerako eskaintzen dituen baldintza egokiengatik. Udalaren eta ekoiztetxearen arteko harremanen inguruko xehetasun gehiago ez du eman alkateak. 

Non grabatuko dute?

Itzurungo hondartzan izango dira grabazioak. Lehorrean, kantinaren terrazaren inguruan, eskenatokia muntatuko dute. Aurrelan horiek guztiak grabazioa baino bizpahiru aste lehenago hasiko dira. "Hasieran batean iraileko lehen egunetan nahi zuen lanean hasi ekoiztetxeak, baina datak atzeratzea lortu dugu, udako denboraldiari ez eragiteko", jakinarazi du Kortak. Grabazioak lehorretik eta itsasotik egingo dituzte.

Noiz grabatuko da?

Grabazioaren hasiera, oraingoz, urriaren 26rako dago aurreikusita. Sei egunez grabatuko dute, eta egun horietan erabat itxita egongo da hondartza. Aurretik egin beharreko muntaketa lanak iraun bitartean hondartza irekita egongo da. Hori da ekoiztetxearekin oraingoz aurreikusitakoa, baina datak alda daitezke. Hala ere, alkateak ziurtatu du lanak ez direla inoiz irailaren 15a baino lehen hasiko.

Grabazioak nola eragingo die zumaiarrei eguneroko bizitzan?

Halako ekoizpen bat aurrera eramateko 400 bat langileko taldea mugitzen du HBOk. Muntaketak lanak egiteko, kamioiak ibiliko dira herrian eta, haien joan-etorriak, ahal dela, gauez egitea aurreikusi dute, ahalik eta enbarazu gutxien egiteko. Bestalde, grabazio egunetan hondartza erabat itxiko da, eta ekoiztetxea bera arduratuko da, Udaltzaingoaren laguntzarekin, bideak itxi eta kontrolatzeaz.

Bestalde, urrian aurreikusita dauden surf txapelketak egin ahal izango direla azaldu du Kortak, azpiegitura guztiak goiko balkoian jarrita.

Grabazioak lanposturik sortuko al du Zumaian?

Ekoizpena aurrera eramateko lan poltsa bat zabalduko du Zumaiako Udalak. Jendea beharko da grabazioan figurante lanak egiteko, baina baita ere muntaketa lanetan laguntzeko. Abuztuan zabalduko lan poltsa. Bestalde, herriko eta inguruko ostatu eta jatetxeetan eragina izango duela azpimarratu dute. "Udazkenean izatea ona izango da, udako denboraldiari segida emateko".

Zer ondorio izango ditu aurrera begira?

Game of Thrones telesailak Zumaian zer ondorio utziko dituen oraindik ez dute zehazki baloratu. Horrela erantzun du alkateak: "Interneten azterketa asko daude, beste lekuetan zer eragin ekonomiko izan duen, eta kopuruak zorabiatzekoak dira; adibidez, esaten dute Peñiscolan mila milioi euroko eragina izan duela. Nik ez dakit azterketa horiek nola egin diren, baina uste dut gehiegikeria bat dela". 

Egin daitezkeen aurreikuspenen gainetik, Zumaia eta bere ingurunea nazioartean ezagutzera emateko erakusleiho paregabetzat dute gaur prentsaurrekoan bildu diren Udaleko, Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunek. Korta alkateak adierazi du aukera bikaina dela Zumaiarentzat bizitza eta aberastasuna ekarriko dituela, eta neurriak hartu beharko dituztela turismoa jasangarria izan dadin.

Aldundiko ingurumen diputatu Ainhoa Aizpuruk azpimarratu du "ezusteko ederra" izan dela, eta aukera aparta dela biotopoa eta labarrak ezagutzera emateko. "Alde batetik, errekonozimendua da azken urteotan flyscharen inguruan egindako lanari; eta bestetik, babestutako naturgune honen balioak mundu osoan erakusteko aukera aparta da", azpimarratu du Aizpuruk.

Jaurlaritzako turismo arduradun Mertxe Garmendiak fokoa zabaldu eta "eragin positiboa Euskadi osoarentzat" izango dela nabarmendu du, eta beraien babes osoa emango dutela dauzkaten tresnekin berria zabalduz.

Erlazionatuak

Game of Thrones: zer (ez) da, eta zer izan daiteke?

Zurrumurru askoren ondoren ofiziala da: Zumaian grabatuko da Game of Thrones eta uda amaitu aurretik hasiko dira lan horretan. Onartuko dizuet ilus...
'Game of Thrones' Zumaian eta Bermeon grabatuko dutela baieztatu du HBOk

Zumaia

Game of Thrones telesail ospetsuko ekoiztetxe HBO-k gaur ofizialki baieztatu du Zumaian grabatuko dituela zazpigarren denboraldiko eszena batzuk. H...