Iñigo Peña Rion

Iñigo Peña: "Rioko Jokoetan domina lortzeko gai gara"

Baleike 2016ko uzt. 14a, 20:00
Iñigo Peña, erriotik Riora. Argazki: Gorka Zabaleta

Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan hartuko du parte Iñigo Peña piraguistak, Espainiako K4arekin, mila metroko distantzian. Abuztuaren 19an dauzkate kanporaketa eta finalaurrekoa, eta 20an finala. Prestaketako azken txanpan dago Peña, baina egun batzuk hartu ditu Zumaiara etortzeko, Brasilerantz abiatu aurretik.

Olinpiar Jokoetarako txartela iaz lortuta, aurtengoa denboraldi arraroa izan al da zuentzat?

Urte ezberdina izaten ari da, bai. Aurreko urteotan gure helburua zen Jokoetarako sailkatzea, eta hori lortzeko nazioarteko txapelketetan lehiatu beharra zegoen, haiek ahalik eta ondoren prestatu. Aurten prestaketa guztia abuztura dago bideratuta, Jokoetara. Baina ez pentsa dena lasaitasuna izan denik, aurten ere azken langa bat gainditu behar izan dugu.

Olinpiar Jokoetara joateko?

Bai. Iaz txartela lortu genuen, baina lau toki horiek ez ziren izendunak. Aurten, maiatzean, Espainiako Federazioaren proba bat gainditu behar izan genuen lau postu horiei gure izena jartzeko. Neu pattal samar harrapatu ninduen, gaixoaldia pasata; baina,zorionez, laurok pasa genuen eta taldea bere horretan mantenduko da Olinpiar Jokoetan.

Aurten nazioartean apenas lehiatu zarete, etxeko lana izan da gehiago. Beste aurrerapauso bat egin al duzue?

Aurten Munduko Kopako proba batean bakarrik hartu dugu parte. Aurreko urteotan nazioarteko lehiaketa horiek onak izan dira gure mailaren bilakaera neurtzeko. Urtetik urtera gora egin dugu. Aurten besteekiko erreferentzia horiek ez dauzkagu, baina badakigu beste koska bat egin dugula gora. Laurok oso lan ona egin dugu, inork ez du lesio larririk izan, eta hori nabaritu da. Piragua inoiz baino azkarrago doa.

Olinpiar Jokoetarako hilabete eskas falta da. Urduritasunik sentitzen al duzu?

Ez nago batere urduri. Egia da kirola maite dugunontzat txikitako ametsa izaten dela Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Nik urte asko daramatzat etxetik kanpo, piraguismoan buru-belarri zentratuta nago, eta azkenean lortu dut helburua. Urduritasuna baino, sekulako pisua kendu dudala sentitzen dut. Zailena egin dugu, sailkatzea. Orain gozatzea da kontua eta, ahal bada, emaitza on bat lortzea.

Eta zer da emaitza on bat zuentzat?

Guk uste dugu domina bat lortzeko gai garela. Horretarako dena ondo egin behar dugu, baina gai gara. Azken finean, sei bat taldek oso maila parekoa daukagu, eta ez dago inor nabarmen hobea denik.

Eta zein dira, bada, dominen lehia horretan, aurkari gogorrenak?

Gurearekin batera, beste bost talde ikusten ditut aukerekin: Txekiar Errepublika, Australia, Hungaria, Portugal eta Bielorrusia. Egunik onena daukanak irabaziko du.

Zuek abuztuaren 19an eta 20an dauzkazue estropadak. Noiz joango zarete Riora?

Jokoak abuztuaren 5ean hasiko dira, baina gu 10ean goaz. Ez gara inaugurazio ekitaldian egongo. Abuztuaren 19an, ostiralean, jokatuko dira lehen kanporaketa eta finalaurrekoak, 50 minutuko tartearekin. Zortzi onenak sailkatuko dira larunbateko finalerako.

Lehiaketaz gain, Olinpiar Hirian munduko kirolari onenekin bizitzea esperientzia ederra izango da...

Aurreko Jokoetako esperientzia dutenek esan digutenez, lehenengo egunetan denak deitzen dizu atentzioa. Kirolari ezagunak topatzen dituzu, dena da berria. Hori ere polita da. Baina gero, lehiaketa eguna gerturatu ahala, hori dena alde batera utzi eta zure burua egin beharreko lanean zentratzen duzu.

Eta zer albiste iritsi zaizue Riotik? Azpiegiturak direla, Zika birusa dela...

Zika birusak ez nau kezkatzen, ez dut uste hainbesterako denik. Eta azpiegiturei dagokienez, gure kasuen estropada eremua Copacabana atzealdean dago. Ura zikina omen dago, baina denontzat izango da berdin.