Odieta frontoia pilota plaza bihurtuta

Baleike 2016ko eka. 27a, 22:10

Bote luzeko pilota erakustaldia eskaini dute gaur arratsaldean Zumaiako Herri Eskolako irakasle eta ikasle talde batek, Daniel Carballoren laguntzarekin. Azken hau pilota plazen inguruko ikerketa lan bat ari da egiten eta gaurkoan Odieta frontoia pilota plaza bihurtuta ikusteko aukera izan du. 

Erakustaldiaren aurretik ikusleei esan dien bezala, gaur Odieta pilota plaza bihurtu da, herriko plazetan jokatzen baitzen lehen pilota jokoa. Gaurko modalitateetan ez bezala, hormarik ez zen behar izaten; jokalariak bi taldetan banatuta, aurrez aurre jartzen ziren eta eremua izaten zen jokoan. 

Gaurkoan Odietan erakustaldia eskaini duten hamar jokalariak bost laguneko bi taldetan banatu dira, bat peto gorriarekin. Erakustaldia aurrea joan ahala, eta xaxariak (epailea) tantoak kontatzen zituen bitartean, beste lagun batek jokoaren inguruko azalpenak eman dizkie bertaratu direnei. "Ez da erraza hasieratik ulertzea joko hau. Errugbya bezala da; joko hura ez dago hasiera batean ulertzerik. Hemen ere antzera da, denbora behar da ulertzeko. 

Tenisaren antza aurkitu dion jendea ere izan da. Horretan zer ikusia izan du, noski, tantoak kontatzeko modua. Izan ere, kintzeka kontatzen dira tantuak: 15-30-40-jokoa. "Hau tenisetik al dator?", galdetu dio batek xaxariari? "Tenisak 150 urte ditu; joko honek, berriz, 1.500 urte. Ez al da alderantziz izango? Ez al dio tenisak hartu zuzeneko jokoari?".

Joko hau Euskal Herri osoan jokatzen zen orain mende batzuk, baita Zumaian ere, baina desagertzen joan da. Baztanen, Oiartzunen, Zubietan eta Iparraldeko zenbait herritan mantendu da eta azken urteetan berreskuratzeko zenbait saiakera egiten ari dire. Horien artean dago Euskal Herri mailan jokatuko den liga.