Eskoziako mendikateen islak Zumaiako uretan

Baleike 2016ko eka. 8a, 20:14

Balenciaga ontziolek North Star Shipping armadorearentzat egindako ontziak gaur utzi du Zumaian. Enpresa eskoziar honentzat 27 ontzi egin ditu Balenciagak 13 urtetan.

Grampianak edo Grampian mendiak Eskozia hego-mendebaldetik ipar-mendebaldera zeharkatzen duen mendikatea da. Glasgow hiriaren iparraldean hasi eta Aberdeen-en hegoaldean amaitzen dira. Zumaiari dagokionez, beste Grampian batzuk dira ezagunagoak, Balenciaga ontziolek Eskoziako armadore batentzako egindako ontzi sorta, hain zuzen ere.

Fortress, Dynamic, Scepter, Sovereign, Devotion edo Dynasty izenak izan dituzte ontzi hauek eta denek aurretik Grampian aurrizkia izan dute. Ontzi hauek guztiak North Star Shipping armadore eskoziarrarentzako egindakoak dira. Azkena Balenciagako arrapala jaisten, azkena Zumaiako portua uzten eta, dirudienez, armadore honentzat egingo den azkena, gaur goizez joan den Grampian Freedom izan da.

Ipar itsasoko petrolio-plataformentzat laguntza lanak eskainiko dituen ontzia egunsentiarekin batera itsasoratu da. Goizeko 7:00ak jo berriak zirenean soltatu dituzte Sarauneko moilarekin lotzen zituen amarrak. Pasaiatik etorritako Facal Once atoiontziak tirata, mantso eta dotore zeharkatu ditu portuko urak. Azken frogak egingo dizkiote itsasoan armadoreari eman aurretik.

Ontziak 58 metroko luzera du eta lau helize ditu, ontzia propultsatzeko, baina baita maniobratzeko ere. Bere helburu naguzia Ipar itsasoko petrolio plataformen inguruan zaintza lanak egitea da, uretara eror daitezken pertsonak jasotzeko edo, istripu edo suteen kasuan, plataformetako pertsonala eramateko. 300 lagun eraman ditzake eta bere instalakuntzen artean kirofanoa eta suspertze-atalak ditu. 32 korapiloko abiadura hartu ditzaketen bi ontzi azkar daramatza barruan.

Horiez gain, plataformetara manteriala eramateko (edateko ura, gasoila, edukiontziak...) gaituta dago.

27 ontzi 13 urtetan

Zumaiako ontziolak 27 ontzi egin ditu Eskoziako armadoreak enkargatuta, azken 13 urte hauetan. Enkargo hau amaituta, (2014ean Playa de Ris izeneko atunketaria ere egin zuen) bi zamaontzi egingo ditu Balenciagak jarraian. Lehena, Telmo izenekoa, dagoeneko forma hartzen ari da eta hemendik ez hain urrunera uretaratuko dute ziur aski. Urola Shipping konpainiarentzako egingo dituzte zamaontziak. Konpainia hau Balenciaga berarena da.