ZIG programa: integrazioaren bila 25 urtez

Baleike 2016ko mai. 31a, 21:02

Zumaiako Institutuko Zereginen Ikaskuntzen Gelak 25 urte bete ditu ikasturte honetan. Pasa den astean beste herrietako ikasleekin batera egun osoko ospakizuna izan zuten.

Egoera denborarekin aldatu bada ere, ezberdinak jotzen direnak alde batera utzi izan ditu gizarteak. Eskola sistemak duela urte gutxi arte ezberdintzat jotzen zituen pertsonak baztertu egiten zituen. Lehen urratsa egitura paraleloak, gela espezifikoak, sortzea izan zen. Hori, baina, ez zen soluzioa, ez zen gizalegekoa denok elkarrekin bizi behar dugun ingurune batetik pertsona hauek baztertzea. Hori dela-eta, Zereginen Ikaskuntzen Gelak (ZIG) sortu ziren eskola arruntetan.

Urola Kostako eskualdean Zumaiako Institutua izan zen gela mota hau jartzen lehena, 2001-2002 ikasturtean. Eskaerak eskaintza baino handiagoa zelako, 2005-2006 ikasturtean Zarautzen zabaldu zen bigarren ZIG bat. "Esan daiteke Zarauzkoa gure alaba dela. Orain kostaldeko herrietako beharrei beraiek erantzuten diete eta guk Urola bailarakoei. Datorren ikasturtean beste ZIG bat zabalduko dute Azkoitian", azaldu digu Miren Galfarsoro irakasleak. Bera eta Tere Marañon 25 urte hauetan izan dira Zumaiako ZIGean. Amaia Unanue eta Kristina Lakunza hezitzaileek osatzen dute lantaldea.

16 eta 20 urte bitarteko hezkuntza premiak bereziak dituzten ikasleei zuzentzen zaie gela hau, 21 urtera luzatu daitekeena. "Gela hau sortu zenetik normalizazioa izan da xede garrantzitsuenetako bat. Helburua pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontutan izanik, ahalik eta bizimodu autonomoena lortzeko ahalbideratuko dituen trebeziak garatzea da". Behin 21 urte betetzen dituztenean, ikasle batzuk Gureakek dituen zentro edo enpresetara joaten dira lanera; beste batzuk, berriz, eguneko zentroetara joaten dira. 

Ikasle hauen ordutegia bi gunetan banatzen da. Ordu batzuk gela arruntetan igarotzen dituzte, beste ikasleekin batera. "Helburua ez da akademikoa, sozializazioa eta normalizazioa garatzea baizik. Ikasle hauek gela arruntetara joaten diren bezala, beste ikasleak gurena etortzen dira ordu batzutan. Eskulanetako proiektu bat elkarrekin egiten ari dira. Zentzu horretan, egoera asko aldatu da. Lehen irainak jasotzen zituzten, orain erabat integratuta daude". Gaur egun hezitzaile lanetan dagoen Amaia Unanueren kurtsoa izan zen lehena ZIGeko ikasleak beraien geletan hartzen.

Gainerako orduak ZIGen egiten dituzte eta ikaskuntza espezifikoagoak lantzen dituzte. Goiko gelan liburu eta kaxen koadernaketak egiteko treseneria dute: behekoan eskulanak eta sukaldea dutel. "Koadernaketak eta bitxiak egiten dituzte birziklatutako materialekin, esmalteak, bizkotxoak, gauza asko. Gabon garaian salmenta postu bat jartzen dugu belarritakoak, kaxak eta halakoak saltzeko. Diru hori beraiek behar dituzten liburuak eta gaiak erosteko erabiltzen dugu".

ZIGeko topaketak Zumaian

Pasa den astean ZIGeko topaketak egin ziren Zumaian. Bertan, Arrasate, Oñati, Bergara, Elgoibar, Eibar, eta Zarauzko ikasleen bisita jaso zuten. 40 ikasle eta 20 hezitzaile etorri ziren, eguna elkarrekin pasatzera. «Debagoienan modu inprobisatuan hasi zena orain urtero egiten dugu». Telmo Iruretaren bakarrizketa batekin hasi zuten eguna, Oxforden. Ondoren, ikasle eta hezitzaile talde bat itsasora atera zen labarrak ikustera. Lurrean geratu zirenak Itzurun hondartzara joan ziren. Jarraian, luntxa eta festa izan zuten Institutuan, bertan. Eta asteartean Zumaian izan baziren, asteburuan Gasteizera joan ziren asteburua pasatzera. 

Bideoaren egilea: Maddi Altuna