BIDEOA: Hau da Kepa Junkerak Zumaiari eskainitako kanta

Baleike 2016ko mai. 28a, 20:44

Marea Zumaian kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu gaur arratsaldean Kepa Junkerak Alondegian. Maletak disko berriko abestia da Junkerak Zumaiari eskaini diona. Jon Maiak idatzi ditu hitzak. Algorrin grabatu zuten bideoklipa. Hemen ikus dezakezue bideoklipa, eta letra ere bertan daukazue, ikasi nahi baduzue.

Zumaiarekin lotura estua du Kepa Junkerak, umea zela hiru urtez hemen bizi izan zenetik. "Gero ere urte askotan etortzen ginen uda pasatzera, eta beti izan dut Zumaiari kantaren bat eskaintzeko gogo hori". Gaur Alondegian bideoklipa eta disko berriko lau kanta aurkeztu ditu, Sorginak taldeko kideekin batera. Disko berria ostegunean aurkeztuko du Bilbon. Zumaiakoa primizia izan da, beraz.

Harraldeko bizidunak aipatzen dira Marea Zumaian abestian, eta Zumaiako hainbat hitz erabiltzen dira gainera: txoaskina, maolillua, gomexa, oldija... Hemen irakur dezakezue Jon Maiak idatzitako letra:

Marea Zumaian

Harriz harri saltoka
itsasertzean
harriz harri saltoka
gu

Harri azpian glu glu
Dago andarika
Bere atzetik
korrika gu

Zoko batian gordea
Maolillua
Uraren kirikibildutan

Txikia ta iletsua
da txoaskiña
brankadetako zulotan

Algorri labarrean
ilgora ilbehera
marea gora eta
marea behera
Algorri labarretan
ilgora ilbehera
beti da desberdina
beti da bera

Iraileko mareetan
dator oldija
itsas belar osasuntsua

Zumaiako erregea
da olarrua
erroa galtzea ez du bere errua

Gomexa da putzutako
kamaleoia
orain urdin
Gero marroia

Harrapatzeko zailena
hor da ixkira
gauean begiek dizdira