Zer ez dugu botatzen itsasora?

Baleike 2016ko mai. 24a, 22:26
Argazkia: Amaia Astarloa Diaz

Surfrider elkarteko kideek urtean lautan sailkatzen dituzte Zumaiako Inpernupe kalara heltzen diren hondakinak. Pasa den astean izan ziren udaberriari dagokion bilketa.

Adituek diote bost kontinenteez gain, badagoela beste bat, itsasoan flotean dabilena. 270.000 tona plastikoz osatuta dagoen kontinete hau. Gizakiok itsasora botatako 5 bilioi plastiko pusketa dabiltza flotean itsasoetan zehar. Horrek naturan sortzen duen kaltea, baina, kalkulaezina da.

Surfrider erakundeak Plastikozko itsasoa izeneko ekimena antolatu zuen pasa den apirilean gai honen inguruko sentsibilizazioa pizteko. Gipuzkoako hiru kaletara heldutako hondakinen bilketa eta sailkatzea egitea aurreikusi zen. Donostiako Murgita kalan eta Mutrikuko Burumendin programatutako ekintzak egin ziren; ez, ordea, Inpernupe kalan, eguraldiaren iragarpen txarrak medio. Atzegi elkarteko lagunekin egin behar zuten bilketa, baina, eguraldi txarrarekin ingurune horretako harri labainkorrak arriskutsuak direlakoan, bertan behera utzi zen bilketa.

Erakunde honek urtean lautan egiten ditu sailkatze lanak Inpernupen, urtaroa bakoitzean behin. Olatuek bortizki jotzen dute itsasargiaren azpialdean dagoen kala hau eta hondakinak biltzeko leku egokia suertatzen da. Udaberriko neurketa pasa den asteazkenean izan zuten.

2015eko udan, udazkenean eta neguan, eta 2016ko udaberrian bildutako datuak eman dituzte jakitera. 1.500dik gora objektu jaso dituzte lau kanpaina hauetan, hauetatik ia erdia (%49,37) plastikozkoak. Beste ia erdia beirazko eta zeramikazko produktuek osatzen dute (%22,17 eta %18,38).

Udazkena eta negua dira hondakin gehien heltzen diren urtaroak eta, garaiaren arabera, tipologia aldatu egiten da: hala, udan eta udaberrian poliestirenoko objektu asko pilatzen badira, udazkenean eraikuntzako material ugari heldu edo bota zen kalara eta neguan beirazkoak eta plastikoak.

Udalei, Ingurumen Ministerioari eta Europako agintariei bidaliko zaizkie datuak. «Kanpaina hauek garrantzitsuak dira ohartzeko nondik datozen hondakin hauek. Gure datuen arabera, %80ak jatorri kontinentala du».

Surfriderrek abuztura bitartean jarraituko du Plastikozko itsasoa kanpainarekin.