Hogarrak gaur zabalduko ditu berriro ateak hobekuntzak egin ondoren

Baleike 2016ko mai. 13a, 12:26

Dagoeneko amaitutzat eman dira Zumaiako gizarte zentroaren eraberritze lanak. Obrak, apirilean hasi ziren eta hilabetez luzatu ondoren bertako erabiltzaile zein langileek, gaurtik aurrera, eraikinean egindako hobekuntzez gozatzeko aukera izango dute. 

Aldaketen artean, tabernako eta bigarren solairuko komunak eraberritu eta hobetu dira, zentroan lan egiten duten emakumezkoentzat aldagela bat ere eraiki da eta egoitzaren lau solairuetako berogailua zonifikatu da, honen eraginkortasuna areagotzeko eta aurrezki energetikoa lortzeko. Hobekuntza hauek guztiak, erabiltzaile zein langileei ahalik eta zerbitzu hoberenak eskaintzeko helburuz egin dira. 

Berrikuntza hauez gain, eraikinaren arduradunak, Andoni Txintxillak, zentroko paretak margotu, argiztapena hobetu eta sabaia ere aldatu ditu. “Honen inguruan, bertako erabiltzaile zein langileek adierazi dute, aldaketa hauek hobekuntza nabarmenak ekarri dituela zentroan eta oso gustora daudela berrikuntzekin”. Zumaiako Udaletik helarazitako bideo honetan duzue erabiltzaileen iritziak.

Obren kostua 54.279.55 eurokoa izan da eta diru kopuru hau, Udalak, aurten onartutako aurrekontuen baitan jasoa du. Honez gain, Udal Gobernuak zentroan hobekuntzak egiteko erabiliko du eraikinaren alokairutik jasotako diru sarrera. Urtea amaitu aurretik, eraikinean beste hainbat hobekuntza egingo dituela ere iragarri du, besteak beste, lehen solairuko leihoak aldatuko ditu, hauen egitura erreforzatzeko.