Errefuxiatuei elkartasuna adierazteko jaialdia egin zen atzo Maria eta Josen

Baleike 2016ko mai. 9a, 14:33

Ekialde urbileko gerretatik ihes egin eta Europako ateetan dauden errefuxiatuei elkartasuna adierazteko ekitaldiak izan ditugu asteburuan Zumaian. Ostiralean rock kontzertuak izan ziren Gaztetxean eta atzo gauean kantaldia Maria eta Jose ikastetxeko aretoan. Musika eta Dantza izan ziren atzo protagonistak, Errefuxiatuen Harrera Taldeak antolatutako jaialdian.

Astindu Dantza Taldeko kideen agurrarekin hasi zen ekitaldia. Ondoren, Beheko Plaza Abesbatza, Maialen Velarde eta Maddalen Arzallus, Zutrik Zumaiako Trikitilari Taldea, Mikel Markez, Julen Izarra, Nagore Aizpurua, Marixi Sesma eta Uhin Loiola eta AGE abeslari eta taldeak igo ziren oholtzara. Hasi bezala, Astinduren koreografia batekin amaitu zen ekitaldia.

Ekitaldian zehar gogoratu zen bezala, bertan jasotako diru guztia Donostian abian jarritako Zaporeak proiektura bideratuko da oso-osorik eta zuzenean, bitartekaririk gabe. Proiektu hau janaria banatzen ari da Kios irlan eta, gaur egun, bertan dira Zumaiako joandako gazte batzuk, laguntzen. 

Ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenentzat,  kontu korrontea ere zabaldu du Errefuxiatuen Zumaiako Harrera Taldeak. Hemen duzue zenbakia:

ES2430350037470370050252 (Laboral Kutxa)