Jaiotz Osa dantzariaren masterclass batekin hasiko da zapatuan aurtengo Maiatza Dantzan

Baleike 2016ko mai. 4a, 14:33

Maiatza dantzaren hilabetea da nazioarte mailan. Zumaia mailan, Astindu dantza taldeak Maiatza Dantzan ekimena jarri du martxan aurten ere. Larunbat honetan hasi eta hilabeteko zapatu guztietan izango dira dantzarekin lotutako ekintza herriko kokaleku desberdinetan. 

Bosgarren Maiatza Dantzan hasteko, larunbat honetan, Astindu taldearen eguna izango da. Goizean zehar, 11:00etatik 14:00etara bitartean, Jaiotz Osa dantzari zumaiarrak dantza garaikidearen inguruko masterclass bat emango du Torreberrin. Izen-ematea oraindik zabalik dago, Alondegian (943861056 / kultura@zumaia.eus) edo astindu,zde@gmail.com helbidean. Matrikula doan izango da Astindu taldeko kideentzat; bazkide ez direnek 15 euro ordaindu beharko dituzte.

Jarraian, bazkaria izango da. Prezioak ikastaroaren berdinak izango dira: doan bazkideentzat eta 15 euro bazkide ez direnentzat. Eguna amaitzeko, Astinduko zenbait kidek errefuxiatuen aldeko kantaldian hartuko dute parte, 22:00etatik aurrera Maria eta Jose ikastetxeko aretoan.

Herritarrei zuzendutako ekitaldiak ere izango dira aurten ere. "Lehen Dantzara izeneko jaialdia antolatzen zen, Nava Jeevan gobernuz kanpoko erakundearen alde. Iaz kalera atera genituen dantza saioak eta aurten ere hala izango da", azaldu dute antolatzaileek. Hala, maiatzeko azken hiru larunbatetan izango dira ikuskizunak herriko leku desberdinetan. 

Maiatzaren 14a dantzari txikien eguna izango da. Herriko eskola desberdinetako ikasleak arituko dira dantzan: dantza neoklasikoa, areto dantzak, dantza sortzailea eta dantza klasikoa eta modernoa. Saio hau 17:30etik 19:00etara izango da Beheko Plazan.

Dantzari helduen eguna maiatzaren 21a izango da, 18:30etik 20:00etara, hau ere Beheko Plazan. Areto dantzak, sevillanak, ekialdeko dantzak (persiarra, Bollywood...), dantza neoklasikoa eta dantza latinoa izango dira.

Amaitzeko, maiatzaren 28an Donostiatik eta Bilbotik etorritako kontakt estiloko dantzariek inprobisazio/jam sesioa egingo dute, 18:30etik 20:30era, arranlan.