Lourdes Errasti: «Hobietako hezurrei aurpegia jartzea da gure helburua»

Baleike 2016ko mai. 3a, 19:30

Aranzandi Zientzia Elkarteak azken 16 urteotan egin dituen deshobiratze lanak azaldu dizkie Lourdes Errasti arkeologoak Zumaiako DBH4ko ikasleei.

Duela 16 urte hasi zen Aranzadi Zientzia Elkarteko lan taldea Gerra Zibileko hobi komunak deshobiratzen. «Lagun batek esan zigun bere aitona Leongo hobi batean zegoela, eta ea lagunduko genion. Deshobiratzeetan metodologia arkeologikoa erabili zen lehen aldia izan zen. 13 lagunen hezurdurak aurkitu genituen. Haien artean zegoen Emilio Silva, gure lagunaren aitona». Orduz geroztik, 700dik gora hobi ireki eta 7.500 hildako aurkitu dituzte. Aurkitutakoen herena baino ez dute lortzen identifikatzea. «Berandu hasi garelako», dio Lourdes Errastik, atsekabez.
 
Hildakoa identifikatzea baita, azken finean, helburua, «hobietako hezurrei aurpegia jartzea». Eta horretarako ikerketa lan zorrotza egiten dute. Hezurdurekin batera hobietan aurkitzen dituzten objektuak aztertzen dituzte: eraztunak, jantziak, oinetakoak, balak... Horrez gain, senideak elkarrizketatzen dituzte, eta dokumentu zaharretan bilatzen dute. 
 
Hamaika kasu eta adibide jarri zizkien Errastik Aita Marin bildutako ikasleei. Gorlizko marinel batena, adibidez: «Iruñeako San Kristobalgo presondegian hildakoak identifikatuta ehorzten zituzten: botila baten barruan sartzen zuten bakoitzaren izena; baina tapoia kortxozkoa zenez, deshobiratu genituenean papera ustelduta zegoen. Baina batek plastikozko tapa zuen, eta ondo kontserbatu zen papera: Horrela jakin genuen, Andres Gangoiti zela, Gorlizkoa».