Gerra Zibila Zumaian: bloga, liburua eta dokumentala ankerkeria ez ahazteko

Baleike 2016ko mai. 3a, 19:30
Lourdes Errastik eta Joseba Esnalek hitzaldia eman zieten joan den astean Zumaiako DBH4ko ikasleei.

Bigarren Errepublika garaiari eta Espainiako Gerra Zibilari buruz egindako ikerketak argitaratuko ditu Erkibek, belaunaldi berriek gertatutako ahaztu ez dezaten.

Duela 20 bat urte hasi zen Erkibe Kultur Elkarteko kide Joseba Esnal ikertzen zumaiarrek  Gerra Zibilean eta gerra ondoren jasandako errepresioa, etxeko sukaldean entzundako historiek bultzatuta. Horrela jakin du, esate baterako, frankistek 252 emakume kanporatu zituztela herritik 1937ko otsailaren 13an, eta seme-alabak haiekin; paper zaharretan begiratuta eta zaharrei galdetuta dokumentatu du Zumaian 11 lagun fusilatu zituztela; Gernikako hobi komunean bost zumaiar daudela hilobiratuta; gaur egun talasoterapia den etxea frankistek konfiskatu zutela haurrentzat uda leku bihurtzeko; edota gerrako iparraldeko frontean hildako italiar faxistak Zumaiako hilerrian hilobiratzen zituztela...
 
«Informazio asko bildu dugu: testigantzak, dokumentuak, argazkiak eta abar; eta ez bakarrik Gerra Zibilekoak edo gerra ondorengoak, Errepublikaren garaikoa ere bai. Hori guztia ezagutzera eman nahi dugu, belaunaldi berriek gertatu zenaren oroimena galdu ez dezaten», iragarri zuen Joseba Esnalek joan den ostegunean Aita Marin Zumaiako 15 eta 16 urteko ikasleen aurrean egindako agerraldian.
 
Historia hori guztia zabaltzeko hiru bide ari dira lantzen. Batetik, blog bat ari dira prestatzen dokumentu eta argazkiekin; bestetik, ikasleei zuzendutako liburuxka bat argitaratuko dute udazken aldera; eta azkenik, dagoeneko martxan dago emakume kanporatuen historia kontatuko duen dokumentala. «Baleuko ekoiztetxea ari da dokumentala lantzen eta Donostiako Zinemaldian aurkeztea da nahia», aurreratu du Esnalek.
 
Horrez gain, material guztia Aranzadi Zientzia Elkartearen esku utziko dute, aurrerago dokumentazio horrekin liburu landuago eta mardulagoa osatu eta argitaratzeko.