"Nora eraman behar gintuzten arrastorik ere ez geneukan"

Baleike 2016ko mai. 3a, 19:31

Baleike aldizkariko hemerotekan aurkitu ditugu bi kanporaturen lekukotasunak. Jexux Etxabe eta Lore Albizu 256 zumaiar haien artean zeuden. Jexuxek 11 urte zituen eta Lorek sei kanporatuak izan zirenean. Horrez gain, hemen kontsulta dezakezue Erkibe Kultur Elkarteak osatu duen  kanporatuen zerrenda.

Lore Albizuren testingantza  

(2008ko martxoko  Baleike aldizkarian argitaratua, Abelin Linazisororen  Gure Zumai Zarra atalaren barruan)

Bueno, goazen pixka bat atzerago. 1936-an bost urte zenituen. Gerra garaiko Garaiko zerbait gogoratzen al zera?

Bai. Akordatzen nai nola jun giñan kamioetan. Amama itxian negarrez… Amama eta aittatta bakar bakarrikan geatu zian itxian. Hainbeste seme eta biloba euki eta bakar-bakarrik geatu zian. Batzuek frentian, bestiak herritik bialduta…Akordatzen nai nola jun giñan kamioian danok mariatuta, Xabierrek sei hilabete bakarrik zezkan, hura mantuxetakua eta Mikel eta bixok amakin. Orduan maletiketa ez zeon eta zaku batian, lonakin-edo eindakoa, sartu erropak-eta, eta aurrea. Osaba Nikolaseneko izeko Maria-eta ere bazian, baina bakoitzak bere familixakin nahiko lan bazun. Ahal zan mouan. Eurixa ai zan eta uste det etxeko gaurdasola danak han galdu ziala. Egun hura baino
leheno frankista hauetako batek gure amai esan omen zixon: Zuek aurrea jun behar dezue. Aurrea, noa?, gure amak. Bai, bai, hamendikan fuera, hark. Egun batzuetako bada, diru pixkat badakat, baina zenbat denboako?, amak. Ez dezu beharko ia, gorrixak tortila einda lagako zaitue-eta. Eta nahi baldin badezu, umiak laga hamen. Nik zuri umiak laga? -gure amak- Ba, nik hil behar baldin badet, umiak nerekin batea hiltzea nahixo det!

Kamioetan nola joan zineten akordatzen al zera?

Bai. Beste kontu bat gogoratzen naizena zea da: Zubi bat puskatuta zeola, bueno, amak asko hitz egiten zun gauza hoixekin eta guk geo dana buruan hartzen gendun, nola gudari batek Mikel eta bixok lepoan hartu eta negar eiten zun. Hauek zer kulpa dake, zer kulpa?!, esaten omen zun. Hori Ondarrutik Lekeitioko bidian izango zan. Baina gu handik pasatzeko “Alto el fuego” ein omen zuen. Nik akordatzen nai gudarixak nola hartu zigun lepoan eta urrutiko marruak nola aitzen zian. Frankistak guri insultatzen. Bizkaixan oso ondo tratatuak izan giñan. Handik Forua jun giñan. Han frailien konbentuan eon giñan. Aitta-eta ihesita aurrea jun zian eta gu hamendikan bialduak izan ginala bazekixen eta altabozetikan holako famili deitu eta handik kanpoa ateatzen ziguela esaten zun amak. Beste gauza bat askotan kontatzen zuna amak zea zan, asko lagundu zixola Xendoko amak, Jexux Etxabe eta hauen amak, eta nola bere semia frentian hil zanian konbentuko altabozetik honelako eta honelako hil dira frentian esan, eta xendoko ama zerraldo bere aurrian nola erori zan. Handik Bilbora jun giñan.

 

Jexux Etxaberen testigantza 

(2007ko otsaileko  Baleike aldizkarian argitaratua, Aitor Manterolak gaiari buruz osatutako erreportajea zabalaren barruan)

Nola oroitzen duzu kanporatu zintuzteneko egun hura?

Otsailaren 13a zen, eta 07:00etarako, Zubitxikira joateko agindu ziguten. Alkatea leihotik begira zen. Kamioiak eta autobusak etorri ziren, eta martxa.

Zenbat lagun zineten?
200 baino gehiago. Baina uste dut bi egunetan alde egin genuela.

Familiako zeinekin zinen zu?
Gurasoekin eta arreba batekin. Anaia eta arreba bana, txikienak, hemen utzi genituen, eta haiek zaintzeko Orioko amona ekarri genuen.

Nola bizi izan zenuten egoera hura etxean?
Egun batzuk lehenago esan ziguten kanporatzearena. Amona segituan ekarri behar izan genuen, eta dena prestatzen aritu ginen.

Ba al zenekiten nora eraman behar zintuzteten?
Arrastorik ere ez genuen.

Nora joan zineten?
Lehenbiziko geldialdia Ondarroan egin genuen. Frontea zegoen orduan Ondarroan eta Lekeition. Lurrean laga gintuzten, eta hor konpon: “Ahal duzuena egin”. Kaminoz kamino Lekeitiora heldu ginen. Bideak-eta puskatuta zeuden bonbardaketen eraginez, eta zulo haietan gaizki ibiltzen ginen. Lekeitioko fronteko gudariek lagundu ziguten bide haietan. Haiek gainditu ondoren, Lekeitiora jaitsi ginen, eta Batzokian bazkari antzekoa eman ziguten,
jateko ez baitzegoen ezer; ordurako errazionamenduak hasita zeuden han, eta nik, esaterako, ogi beltza jan nuen.

Lekeition oso denbora gutxi egin zenuten, ezta?
Bai. Gau hartan bertan Foruara eraman gintuzten, autobusez. Frantziskotarren komentuan sartu gintuzten, eta han egon ginen zortzi bat egunez. Zumaiar asko geunden bertan. Handik bakoitzak ahal zuen lekura jo behar zuen, eta gu Ibarrangelura joan ginen, hutsik zegoen baserri zahar batera. Lo geundela, aitak estaka izaten zuen eskuan, lurrean kolpeak joz, arratoiak uxatzeko. Pare bat hilabete egon ginen han, Gernika erori zen arte. Orduan, Elantxobera jaitsi ginen, eta itsasoz, Bermeora joan ginen.

Gerra bertatik bertara bizi izan zenuten, ezta?
Bai. Bermeon sekulako borrokak ikusi genituen, eta handik Bilbora joan ginen. Ibarrangelun geundela, berriz, Gernikako bonbardaketa ikusi genuen. 17 abioik egin zuten. Lehendabizi batek egin zuen buelta, behe-behetik, eta gero beste guztiak. Gure gainetik pasatu ziren, eta kostaldetik barrena Gernikan sartu ziren. Azoka eguna zen, eta gu askotan joaten ginen, baina egun hartan ez ginen joan. Sekulako triskantza egin zuten. Sua behetik gora igotzen zen. Jendea ihesean, nora joan arrastorik gabe… Gauez, gure aita eta Erramun iloba Gernikara joan ziren, laguntzera eta beste anaia gudaria aurkitzera (Saseta batailoikoa zen, eta han zeukan kuartela). Dena puskatuta zegoen; beldurgarria zen.

Beldurra eguneroko kontua izango zen, ezta?
Bai. Bada sekula ahaztuko ez zaidan gertakari bat. Uste dut Bermeon izan zela. Gudariak, anaia tartean, arropak garbitzera beste etxe batera joaten ziren, eta bertakoek guri eskaini egin ziguten etxe berri batera lotara joateko. Larunbat batean joan ginen, baina ezin atea ireki, eta zaharrera bueltatu ginen. Hurrengo egunean, ama-eta, elizatik bueltan etxe berrira joan ziren, eta atea ireki zuten. Ohearen gainean obus bat zegoen sartuta. Hara joan izan bagina, ni gaur ez nintzen hemen egongo.

Nola egin zenuten itzulera?
Bilbon geundela etxera itzultzeko erabakia hartu genuen. Dena galduta zegoenez, itzultzeko esan ziguten. Bermeora joan ginen lehendabizi, eta itsasoz, Elantxobera, gero. Beste ontzi batean Ondarroara heldu ginen, eta handik etxera. Baina ez ziguten sartzen utzi. Orion egon behar izan genuen hiru bat hilabetez. Ezaguna genuen komandante nazional batek egin zigun etxera itzultzeko modua. Hura bera hobea izan zen hemen bertako jendea baino! Izan ere, herrira itzuli berritan, alkatearekin topo egin, eta honelaxe esan zion gure aitari: “Joño, Xendua, etorri al zarete? Hau segituan konponduko dugu. Etorri bihar Udaletxera”. Gure aita joan zen, eta alkateak mila errealeko isuna jarri zion berriz herrira itzultzeagatik. Berak bidali, eta etortzeagatik, isuna.

Nola ordaindu zenuten isuna?
Dirurik ez genuen, baina eskatuz eta ahal zen bezala bildu genuen dirua.

Nola zegoen Zumaia zuek itzultzean?
Beldurra zen nagusi. Gure etxean, esaterako, ez zuten nahi esatea nork bonbardatu zuen Gernika. Beldur handia zuten, eta gu gazteak izanik, beldur ziren ez ote genuen kontatutako.

Zer sentitzen duzu bidali zizuten haienganako?
Zer sentituko dut, ba!

Gogorra izango zen Zumaia bezalako herri txiki batean, ezta?
Hutsik gelditu zen, esate baterako. Orduan oso gutxi bizi ginen- eta.

Zergatik kanporatu zintuzteten zu eta zure senideak?
16 urteko anaia gerrara alde egina zelako beste anaia batekin. Bietako bat, gainera, frontean hil zuten. Julio Baxakarte zumaiarrak eman zigun albistea Foruan. Arreba eta hura hizketan ari ziren, ea zumaiarrik bazen hildakoen artean, eta irten egin zitzaion anaia hil zutela. Anaia Itxarkundia batailoikoa zen. Arreba oihuka hasi zen, eta oso une gogorrak izan ziren.