'Neskatoak' dokumentala emango da asteartean Alondegian

Bihar, asteartean, hilak 3, 18:30ean Jon Abril Olaetxeak zuzendutako Neskatoak dokumentala eskainiko da Zumaiako Alondegian. Film honek, 1950 eta 1975 urteen bitartean Iparraldera lan egitera joan behar izan zuten emakumeen oroitzapenak ekartzen ditu gogora.

Dokumentala, 15 emakume protagonisten ahotik jasotako bizipenez dago osatuta. Gerraosteak sortutako pobreziaren eraginez eta frankismoa indarrean zegoelarik, emakume hauek, egoerak behartuta joan behar izan zuten Iparraldera eta Frantziako beste hainbat herrialdeetara lanera. Guztiak oso gazteak ziren eta zenbait adingabekoak. Beren familiak atzean utzita, sarritan muga, menditik eta ezkutuan gurutzatu behar izan zuten erbesteratu politikoak zirelako edo egoerak eraginda emigratzen zutelako. Behin Iparraldera iristean, gehienek barneko neskame, sukaldari edo zerbitzari gisa egiten zuten lan, baita hotel edo jatetxeetan ere. Lan baldintza gogorrak jasan zituzten, zenbait kasutan 12 edo 14 orduko lanaldia eginez, inolako asegururik edo lan kontraturik gabe.

Jon Abril, dokumentalaren zuzendariak, bere amonaren ahotik entzundako bizipenek eta jakinminak bultzatuta ekin zion garai hartako emakumeen gertaerak ikertu eta jasotzeari. Bidean, hainbat emakumeen pasadizoak entzuteko aukera izan du, azkenik, gertaera guztiak, ordubete pasatxoko iraupena duen dokumentalean jasoaz. Bere proiektua, Donostia 2016ko Energia-Olatuak programaren epaimahaiko kideengatik aukeratua izan zen diru laguntza jasotzeko eta jada, Nafarroa eta Gipuzkoako hainbat udalerritan erakutsi ahal izan du bere lanaren emaitza.