Axier Lopez kazetariaren aldeko eta Mozal legearen kontrako mozioa onartu du Udal plenoak

Baleike 2016ko api. 30a, 11:49

13 mozio aztertu ziren ostegunean egindako apirileko ohiko batzarrean. Eguneko gai ordenean jasotzen ziren zortzi proposamenei beste bost kontramozio edo proposamen alternatibo gehitu zitzaizkion azken unean. Gai zehatz bati lotutako mozioak eta kontramozioak batera aztertzea onartu zuten zinegotziek.

Hasteko, Kirol portuko batzar orokorrerako Udalaren ordezkaria aukeratu zen. Oier Korta alkateak Jon Iraola (EAJ-PNV) proposatu zuen izendapen horretarako eta proposamena alderdi guztien aldeko botoekin (13) onartu zen.

Autobus zerbitzuen harira EH Bilduk aurkeztutako mozioa aztertu zen jarraian. Hiru puntu nagusi zituen mozioak:

  1. Urola Kostako autobus zerbitzuek, Donostiako Geltoki Nagusiarekin lotura zuzena izan dezaten bermatzea eta horretarako egokien den ibilbide alternatibo bat aztertu dezala.

  2. Aztertu beharreko ibilbide berrian Amara auzoarekin lotura izango duen geltokia txertatzea.

  3. Asteburu eta jai egun arratsaldetako ordutegien azterketa egin dadila, autobusen maiztasunak egokitu ahal izateko.

EH Bilduko zinegotzi Alex Olidenek azaldu bezala, proposamen hau martxoko plenoan aurkezteko asmoa zuten, baina, batzarra ez zen egin. Gero, azken asteotan izandako mugimenduen ondorioz (Kostako autobusak Geltoki Nagusiraino helduko dira, besteak beste), onartu zuen, agian, zaharkituta geratu zela. 

Kortak EAJ-PNVren abstentzioa iragarri zuen. "Arazo honek herritar askoren kexak ekarri ditu eta bailara mailan zenbat gestio egin dira. Bizpahiru astetan konponduta egongo dela espero dugu". Ordutegien inguruko kezka Foru Aldundira transmitituko duela ere adierazi zuen. 

PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañon mozioaren espirituarekin ados agertu zen. "Zerbitzuaren erabiltzaile askok hala pentsatzen dute. Gestioak egin dira eta hobekuntza horiek laister abian jarriko dira". 

Mozioak aldeko 7 boto (EH Bildu, PSE-EE) eta 6 abstentzio (EAJ-PNV) izan zituen. 

Errefuxiatuak pairatzen ari diren tragediaren harira, Europar Batasunak eta Turkiak sinatutako itunaren inguruan proposamen bana aurkeztu zuten alderdiek. Oier Kortak plenoa hasi aurretik onartu zuen alderdi guztiek antzerako iritzia zutela gai honen inguruan eta mahai batean eseri ez izanagatik ez zutela proposamen komun bat aurkeztu. Plenoan bertan Arritxu Marañonek baieztatu zuen mozioak oso antzerakoak zirela eta batera aztertzearen alde agertu zen.

Nerea Eizagirrek EH Bilduk aurkeztutako proposamena defendatu zuen. "Gipuzkoak 333 errefuxiatu hartuko zituela iragarri zuen. Hendaiara heldu dira eta hemen bata besteari pilota pasatzen ari dira. Goazen Gasteizi presioa egitera". "Nereak esan duenari ezer gutxi gehitu daiteke. II. Mundu Gerratik Europak bizi duen une lotsagarriena da hau", gaineratu zuen Marañonek.

Bi mozioak, EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutakoak, zinegotzi guztien aldeko botoekin (13) onartu ziren.

Mozal legea aplikatuta, Axier Lopez kazetariak eta Zumaiako bizilagunak jasotako isunaren ondorioz EH Bilduk aurkeztutako aderazpen instituzionala aztertu zen jarraian. Proposamenaren alde eta mozal legearen aurka agertu zen EAJ. "Beste garai batean bizi gara eta hartutako erabaki hark ez du inongo euskarririk", adierazi zuen Oier Kortak. Arritxu Marañon, berriz, abstenitu egin zen. "Lege hau berehala kentzea eskatzen dugu, baina, aldi berean, beti errespetatu ditugu epaileek hartutako erabakiak, eta hau epaile bat hartu duenez, abstenitu egingo gara".

Adierazpen instituzionala aldeko 12 botoekin (EAJ-PNV, EH Bildu) eta abstentzio batekin (PSE-EE) onartu zen.

DBL diru laguntzak bermatzeko proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk eta kontramozio batekin erantzun zioten EAJ-PNVk eta PSE-EEk. Arritxu Marañonek laguntza hauen inguruko historia kontatu zuen. "2012. urtean ADE laguntzak onartu zirenean, Eusko Jaurlaritzak laguntza horiek jasotzeko beharrezkoa zen erroldatzea urte batetik hirura igo zuen. Foru Aldundiaren kasuan nahikoa zen sei hilabetez erroldatua egotea laguntzak jasotzeko. Gero, baldintza sei hilabetetik urtebetera pasa zen. Aldaketa horren atzean arrazoi ekonomikoak zeudela onartu zuen Aldundiak eta, baita ere, onartu zuen laguntza hauen eskumena Eusko Jaurlaritzarena zela, ez Aldundiarena. Zerbitzu sozialen legea onartuta, berdintasunaren alde egiten dugu; EAE osoan lege bera egotea, Zumaian izan edo Durangon izan. Gainera, gaur egun laguntza hau jasotzen duen jendeak kopuru hori jasotzen jarraituko du. Ea behingoz Elkarrekin izeneko programa martxan jartzen den. Bitartean, laguntza hori jasotzen jarraituko dute".

Oier Kortak bat egin zuen Marañonek esandakoarekin. "Euskadi da Espainia mailan RGIa ematen duen leku bakarra. Europa mailan ere ez da izango estaturik hemen ematen den babesaren antzerakorik duenik. Orain, AGIa jasotzen dutenek ere, jasotzen jarraituko dute. Konpromiso hori hartu du Foru Aldundiak".

EH Bilduko Alex Oliden EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako proposamenaren aurka agertu zen. "Intentzio deklarazio bat da, ez du inongo neurririk aurkezten, eta hemen behar direnak neurriak dira". 

Lehenbizi EH Bilduk aurkeztutako proposamena bozkatu zen. Bi botazio behar izan ziren. Aurrenekoan, aldeko 6 boto (EH Bildu), Kontrako 6 (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta abstentzio bat (EAJ-PNV) izan ziren, eta bigarren bozketan aldeko 6 (EH Bildu) eta kontrako 7 (EAJ-PNV eta PSE-EE). Beraz, mozioa ez zen onartu. Jarraian, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako proposamena botatu zen: aldeko 7 boto (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta kontrako 6 (EH Bildu) jaso zituen. Beraz, onartua izan zen.

Amaitzeko, Urola Kostako Hitza egunkariaren diru-laguntzen inguruko mozio bana aztertu ziren. EH Bilduk aurkeztutakoan lehen jasotzen zuen laguntza bera ematea eskatzen zen. "Laguntza %82 batean jaitsi da eta 5.000 euroan geratu da. Saiatu ginen euskara batzordera Hitzako ordezkariak gonbidatzen, baina ukatu egin zitzaigun. Esan zitzaigun erabakia hartuta zegoela. Jaitsiera handiegia izan da, ikaragarra. Hitza euskararen normalizaziorako beharrezkoa da. Berriro eskatzen dugu lehengo kopurura itzultzea", azaldu zuen Arritxu Iribarrek (EH Bildu). 

Oier Korta alkateak erantzun zion: "Zumaia da bailarako herri bakarra bizilaguneko hiru euro ematen dizkiona. Gainera, Baleike dago, herrian errotuta dagoena. Jaitsiera handia izan da, kopuru hori beste inork ematen ez diolako. Gure asmoa oreka bat aurkitzea izango litzateke. Zumaian euskarazko bi komunikabide daude eta gure ezezko botoa emango dugu, proportzionalitate bat aurkitu behar delako".

Arritxu Marañonek hartu zuen jarraian hitza. "Aurrekontuen unean esan zitzaigun datuen zain zeundetela eta haiek heltzen ziren unean ikusiko zela zer egin. Hitzako jendearekin egon gara eta ulertzen dugu bizilaguneko jasotzen zuen diruak proportzionaltasunik ez zuela. Hala ere, jaitsiera gehiegizkoa da. Guk egiten dugun proosamena da eman behar zaion 5.000 euroei beste 5.000 gehitzea. Diru hau altxortegiko soberakinekin ordainduko litzateke. Gero, hurrengo aurrekontuak prestatu aurretik aztertuko dugu zer egin. 

EH Bilduren proposamenak aldeko 6 bozka (Eh Bildu), kontrako beste 6 (EAJ-PNV) eta abstentzio bat (PSE-EE) jaso zituen. Berdinketa zegoenez, bigarren bozketa bat egin zen, boto berdinekin. Ondorioz, alkatearen kalitatezko botoarekin ezezkoa eman zitzaion. PSE-EEk aurkeztutako proposamena, berriz, onartua izan zen aldeko 10 boto (EAJ -3-, EH Bildu eta PSE-EE) eta kontrako 3 (EAJ-PNV) botorekin. Arritxu Iribarrek zera eskatu zuen aktan jasotzeko: proposamen horren alde ez bazeuden ere, aldeko botoa eman zutela bestela laguntza hori galtzeko arriskua egongo zelako.