Argiztapenean hobekuntzak egiteko mailegua eskatzea onartu zuen atzo Udal plenoak

Baleike 2016ko api. 29a, 14:27

Alderdi guztien aldeko botoarekin onartu zen atzo egindako apirileko ohiko udal batzarrean Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundeak (IDAE) eskaintzen dituen laguntzetara atxikitzeko udal taldeak egindako proposamena. Erakunde honek, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren bitartez, herriko argiteria berritu eta hobetzeko interesik gabeko mailegua eskaintzen du.

Horiek horrela, Zumaiako argiteriaren inguruan egindako auditoretzaren emaitzak aztertu eta argiztapena hobetzeko egin beharreko ekintzen gastua zenbatetsi ostean, Zumaiako Udalak, 504.219€ko mailegua eskatuko du IDAEra. Prestamuko dirua herriko argiteria hobetzera bideratuko da bere osotasunean, “ahalik eta aurrezki energetiko handiena lortzeko eta, era berean, ingurumenaren zaintzan laguntzeko”. Maileguak ez du inongo interesik eta Udalak hamar urteko epea izango du bera amortizatzeko.

Gaineratu duenez, eraginkortasun energetiko garrantzitsua eduki ahal izateko hainbat ekimen eramango dira aurrera. Horien artean, herriko hainbat argi doitu eta erregulatu eta 841 luminaria ordezkatuko dira, horietako batzuetan LED teknologiarekin. Era berean, neurri hauen bidez, herriko puntu beltzei irteera eman nahi izan die Udalak.  “Sistema berri honi esker, urteko, 76.513 euroko aurrezkia lortuko da eta, modu honetara, IDAEko mailegua amortizatuta geldituko da lehen sei urteetan. Horrela, herriko energia kontsumoa murrizteaz gain, aurrezki garrantzitsu bat lortuko da bai udalarentzat zein herritarrentzat eta aldi berean, ingurumenari eragindako kalteak gutxiagotuko dira”.