Inpernupen pilatutako hondakinak jaso eta sailkatuko dira larunbatean

Baleike 2016ko api. 21a, 10:51
2014an egin zen garbiketaren irudia.

Surfrider España elkarteak antolatutako Plastikozko itsasoak izeneko egitasmoak Zumaian izango dute hitzordua larunbat honetan. Goizeko 11:30etik aurrera, Inpernupeko kalan bildutako hondakinak jaso eta sailkatuko dituzte. 

Gipuzkoan eta Bizkaian egingo diren ekitaldien bidez, ureko hondakinei buruzko kontzientziazioa sustatu nahi da. Ekimen honek etengabe emendatuz doan plastikozko kutsadura dauka abiapuntutzat. Izan ere, azken aldian argitaratutako hainbat ikerketen arabera, gure ozeanoetan 270.000 tona plastiko legoke, hau da, 5 bilioi plastiko zati. «Ozeanoaren ‘plastifikazio fenomenoak’ bereziki kezkatzen gaitu, ureko plastikoaren %90a mikropartikuletan zatitzen delako (4,75 mm-tik beherako neurria), eta horrek plastikoa elikakatean sartzea errazten duelako», azaldu dute Surfrider Españako kideek.

Plastikozko itsasoak kanpaina honek bost hitzordu nagusi izango ditu eta apirilaren 19tik abuztuaren 27ra bitartean egingo dira. Ekimenak kutsaduraren zenbaterainokoa ezagutaraztea dauka helburu, baita ohitura jasangarriagoak sustatzea ere. Egitasmoan zehar hainbat arlo jorratuko dira, esate baterako, ingurumen hezkuntza, zabalpen zientifikoa eta lobby lana. Kanpainak Donostia 2016 Fundazioaren babesa dauka eta abuztuan amaituko den ItsasFest jaialdiaren parte da.

Larunbat honetan, goizeko 11:30etik aurrera, Zumaiako Inpernupe kalan izango du geldiunea egitasmo honek. Elkarte antolatzailea orain bi urte hasi zen kaa honetan biltzen den itsas hondakinak jasotzen eta sailkatzen. Urtean lautan egiten du, urtaroan behin eta aurrekotan bezala, beste elkarte batzuekin elkarlanean arituko dira. Hala, Euskal Kostaldeko Geoparkearen eta Atzegi, Adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartearen laguntza izango dute. «Horrek hedadura sozial bat ematen dio ekitaldiari».

«Jasotako hondakinak familia handitan sailkatzen ditugu: plastikoa, metala, papera, kautxua, etab. Ospar izeneko protokoloak dakarren formularioa betetzen dugu monitorizatzeko. Formulario horrek 120 hondakin mota jasotzen ditu», azaldu dute elkarteko arduradunek. Jarraian, emaitzen analisia egin eta udalerri bakoitzari, Espainiako Ingurumen Ministerioari eta Europako erakundeei bidaltzen dietela ere jakitera eman dute.

Inpernupen egiten dutenaren antzera, Gipuzkoako beste bi lekutan ere egiten dute antzerako jarraipena: Donostiako Murgita kalan eta Mutrikuko Burumendi hondartzan. Zumaian Geoparkeak eta Atzegik laguntzen badute, Donostian Gurutze Gorriko gizarteratze proiektuko boluntarioen eta ikuspuntu soziala duen Patris Surf elkarteko kideen laguntza izan dute eta Mutrikun, berriz, hirugarren adineko talde batena eta ikastolako gazteena.