Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkate ohia Ondarroako udal ordezkariekin bildu da gaur

Baleike 2016ko api. 19a, 17:54
Gaur eguerdian Ondarroan izandako bileraren unea. Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza.

Pasa den martxoan Ondarroan izandako luizi handi baten ondorioz, hainbat familiak utzi behar izan zituzten beraien etxebizitzak mendia etxeen gainera erortze arriskua zegoela ikusita. Ondarroako Udala Bermeoko alkateordearekin eta Zumaiako alkate ohi Iñaki Agirrezabalagarekin bildu da gaur esperientziak partekatzeko. 

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan jaso dute albiste hau. Ondarroako alkate Zunbeltz Bedialaunetaren esanetan, "Beste herrietan gertatutakoak Ondarroagaz ez dauka zerikusirik, baina prozesuan, antzekotasun ugari daude. Eman dizkiguten aholkuak lagungarriak izango direla pentsatzen dugu”.

Zumaiako kasuan, 2014ko martxoaren 7an luizia gertatu zen Juan Belmonte kaleko 51. zenbakiaren atzealdean eta eraikin horretan bizi ziren familiak beraien etxeetatik atera behar izan zuten. Une hartan Iñaki Agirrezabalaga zen Zumaiako alkate. "Ondarroako alkateak antzeko egoerak izan dituzten herrietako alkate batzuekin egon nahi izan du eta Bildutik deitu zidaten gure esperientziaren berri emateko", azaldu digu. "Azaldu ziot zer gertatu zen Zumaian. Beraien bizi duten egoeraren antzekotasun eta desberdintasunei buruz hitz egin dugu". Ondarroan oso egoera larria bizi dutela azpimarratu du alkate ohiak.