Isurketa egon den konprobatzeko erabilitako likido berdeak piztu du alarma arratsaldean

Baleike 2016ko api. 15a, 22:00
Narrondo ibaian azaldu den orban berdeak larrialdia piztu du herritarrengan.

Narrondo ibaian kolore berde biziko orbana azaldu da arratsaldean GKN parean, eta herritarrak larritu egin dira hura ikustean. Jakin dugunez, eguerdian gertatu den isurketa bat aztertzeko egindako proba bat izan da.

Gaur eguerdian orban zuri bat agertu da Narrondo ibaian, GKN-ko zubiaren parean. Isurketa GKN-tik zetorren edo ez jakiteko, arratsaldean kolore berde biziko likidoa bota dute enpresatik. Kolorantedun likidoa erabiltzen da, uretan ondo bereizteko. Udaltzaingotik azaldu dutenez, probarekin ez da kontrolatu gabeko jario edo ihesik agertu. Eguerdiko orban zuriaren jatorria oraindik argitzeko dago, baina inguruan ibili den hormigoi-makina batetik eroritako materilarena izan daitekela uste dute. Hala ere, gaiari jarraipena egingo zaiola azaldu du Udaltzaingoak.