Preso eta iheslariak etxera ekartzeko konpromisoa aldarrikatu dute

Baleike 2016ko api. 11a, 17:08

Apirilaren 17an preso politikoen egunean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Zumaiako presoen aldeko mugimenduak. Hemen irakur dezakezue agerraldian zabaldu duten mezua:

"Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan parte hartzeagatik asko gara kartzela edo erbestea ezagutu dugun zumaiarrak. Milaka eta milaka Euskal Herrian.

Gaur oraindik, ehunka euskal herritarrek kartzela eta erbestea pairatzen dute. Estatu espainiar zein frantziako arduradunek, garaile eta garaitu eskeman trabatuta nahi gaituztelarik. Eta horretarako, presoak preso eta iheslariak ihesean izan nahi dituzte.  

Baina guk Euskal Herria aske eta juxtua amesten genuenean pertsona askez osatutako Herria ikusten genuen. Eta ametsak gurekin darrai.

Jakitun gara urte gogorrak bizi izan ditugula. Samina izan da alde guztietan. Argi dugu konfrontazioaren gordintasunak, gizatasuna kentzera iritsi dela bihotz askotara, hainbatetan mendeku gosea sortuz.

Baina ailegatu da garaia non denok erabaki behar dugun zer nolako Herria eraiki nahi dugun. Eta guk, gatazkaren eraginez sortutako preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herria nahi dugu. 

«Terroristak» omen ginen, «terroristak» omen dira preso eta iheslariak. Garaitu beharreko terroristak. Baina ez, ez gara eta ez dira terroristak, Euskal Herrian aske bizi eta Euskal Herri aske eta juxtu bat eraikitzen jarraitzeko desiatzen dauden euskal herritarrak gara eta dira.

Etxean nahi ditugu eta etxean behar ditugu, euskal herritarren arteko harremanak normalizatzen hasteko. Ez baitago normalizaziorik preso eta iheslari bakar bat dagoen bitartean. Herri honen etorkizunak, gatazka gainditzeko preso eta iheslariek etxean egon behar dutela eskatzen du eta euskal gizartearen gehiengoak bat egiten du eskari honekin. 

Kartzeletan dauden kideak ari dira estatu espainola zein frantziarraren itxikeria pairatzen, eta gainditzeko bideak irekitzen, baita norabide horretan urratsak ematen ere. Benetako bakea lortzeko prestutasun osoa adierazi dute, baita legedian oinarritutako bideak jorratzeko ere. Eta norabide horretan eman beharreko urratsak zehaztea beraiei dagokie. 

Guk Zumaian agerraldi honetan bildu garenok, beraiekin gaudela esan eta Amnistiaren norabidean preso eta iheslariak etxera ekartzeko konpromezua aldarrikatu nahi dugu. Oinarri horrekin, Apirilaren 17an, nazioarteko preso politikoen egunean, Bilbon egingo den nazio manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatzen dizuegu".