Sexu aholkularitza zerbitzua eskainiko da asteazkenean Brankan

Baleike 2016ko api. 11a, 10:41

Hileko bigarren asteazkenetan, 15:30etik 19:30era bitarte, Udaleko Berdintasun Sailak, doako sexu aholkularitza zerbitzua eskainiko du Brankako sarrerako bulegoan. Horiek horrela, bertan, zumaiarrek, banan-banakako arreta jaso ahal izango dute eta sexualitatearen inguruan, hainbat gaiei buruzko informazioa eta laguntza jasotzeko aukera ere izango dute.

Zerbitzu honen bidez, besteak beste, identitate eta orientazio sexuala, bikote harremanak, elkarbizitza, intimitatea, komunikazioa, zeloak edo zailtasun sexualarekin zer ikusia duten gaiak jorratuko dira eta hauen inguruan edo herritarrek azaldutako beste edozein galderen inguruan aholkua eskainiko da.  

Aholkularitza zerbitzu honek helburu du harreman osasuntsuak eraikitzeko giltzarriak eskaintzea, sexualitatearen, parekidetasunaren eta harremanen inguruan sortu daitezkeen kezka orori erantzuna emanez. Horiek horrela, udaletik, herritarrak animatzen dituzte beren kezka eta ardurak aholkularitza zerbitzura bideratu ditzaten. Horretarako, Udaletik gogorarazi dute, aurrez aurreko arretaz gain, zumaiarren eskura dagoela helbide elektroniko (sexologiazumaiakoudala@gmail.com) eta telefono zenbaki bat (609606777 - Olatz).