Alaiko konpostagunean izandako kalteen inguruko iritzia eman du Mankomunitateko lehendakariak

Baleike 2016ko api. 5a, 09:43

Alai auzategian dagoen konpostaguneak kalteak jasan zituen martxoaren 29an. Horren inguruan honako mezua bidali du Urola Kostako Udal Elkarteo lehendakari Igor Iturainek. 

Joan den martxoaren 29an, Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatzen duen Zumaiako Alai auzoko konpostagunean ume talde bat barrura sartu eta konpostagailuak puskatu zituen gurasoen begiradapean. 

Zumaiako Udaltzaingoak gertatutakoaren berri izan eta hurrengo egunean gurasoekin gaia aztertu ondoren, guraso talde honek ardura hartu zuen, beraien umeekin batera, puskatutakoa konpontzeko. Eta baita hala egin ere.

Akatsak denok egiten ditugun arren, ondoren akats hauek konpontzea betebehar bat da, beraz, Udal Elkartetik eskertuko genuke azpiegitura publiko hauek bere horretan mantentzea eta barrura sartuta ez ibiltzea, gune horietan jarduteko baimena dutenak eta txukun mantentzeaz arduratzen direnak izendatuta baitaude. 

Denonak diren gauzak denon artean zaindu ditzagun. Eskerrik asko.