Santelmoak 2016: jai egitaraua

Milagros Urbietak igoko du Kofradiako bandera igande gauerdian

Baleike 2016ko api. 1a, 11:33
Milagros Urbieta (eserita), Jexux Urbieta, Maixa Osa eta Antton Urbietarekin

San Telmo jaiak gaur hasten dira eta hilaren 10era arte iraungo dute aurten. Ekitaldi jendetsuenetakoa igande gauerdian izango da: Kofradiako banderaren igoera. Aurten Milagros Urbietak altxako du bandera. Bera da omenaldi hau jasotzen duen lehen emakumea. 

Irribarretsu etorri da Milagros arrantzaleen kofradian egindako hitzordura. Alaba Maixaren besotik helduta etorri da. Zain ditu Arbustain motor elkarteko kide Jexux Urbieta eta Antton Urbieta. Elkarteko presidente Jexuxek gogoratzen duen bezala, emakumeren bat omentzea eskatu zien iaz Udalak. "Ordurako Antonio Larrañagarekin hitz eginda geunden. Presenta Manterola saregilea omentzea pentsatu genuen. Adin handia zuen Presentak, 90 urte baino gehiago, eta halako ordutan eta hainbeste jenderen aurrean agertzea agian askotxo izango zen beretzat. Arrantzale ohiekin egiten den hamaiketakoan omentzea erabaki zen. Han egon zitzaigun hainbat istorio kontatzen". 

Iaz ezinezkoa izan zena, aurten posible izango da eta Milagros Urbieta izango da omenaldi hau jasoko duen lehen emakumea. Berak igoko du Kofradiako bandera igande gauerdian, San Telmo egunaren atarian. "Bazen ordua", dio Milagros berak. "Marinelek zor handia diete emakumeei", gaineratzen du Maixa alabak.

Itsasoari lotuta joan da 80 urteko emakume honen bizitzan. Ortiz kontserbagintza enpresan hasi zen lanean eta bertan egon zen ezkondu zen arte. "Tartean urte batzuk egon nintzen Zestoan. Konfiterozarreneko neska bat nitaz txoratu zen eta harekin joan nintzen. Gero, bueltan, Ortizen sartu nintzen berriz eta han egon nintzen lanean ezkondu nintzen arte".

Imanol Osarekin ezkondu zen Milagros eta zortzi seme-alaba izan zituzten: "Lau mutil eta lau neska". Ezkongai-harremanak zortzi urte iraun zuela dio barre artean. "Ezkondu behar genuela-eta, Venezuelara joateko gonbitea jaso nuen, ezkontzarako diru pixka bat lortzeko. Sanjuaniturrian egin genuen topo eta esan nionean Venezuelara nindoala, eskutan zituen otarrak erori zitzaizkion. A zer disgustua zuen! Galduko ninduen beldurra zuen. Haren ondoren egun batetik bestera ezkondu ginen".

Arrantzale familiako zen Imanol. "Aitarekin txalupa batean ateratzen zen legatzetara. Geroago erosi zuten lehen arrantzontzia, Miguel Angel. Kantauri itsasoan eta Atlantikoan egiten zuten normalean arrantzan, baina garai batean Mediterraneoan ere aritu izan zirela dio. Bertan izan zuen Milagrosek arrantzontzian itsasora irteteko aukera. "Esan zidaten ea joan nahi nuen eta han sartu nintzen. Polita izan zen zubitik hura dena ikustea. Arrantza ederra egin genuen, gainera".

Garai hartan Castelló de la Plana hirian kokatu zirela ere gogoan du. "Sei seme-alaba genituen orduan eta han joan ginen denok autobusez". Umeek eskola ere utzi behar izan zuten. "Guretzako opor garai bat izan zen hura", dio Maixak.

Castellótik bueltan erosi zuten hurrengo arrantzontzia, Glorioso San Telmo. "1970ean itzuli ginen Zumaiara eta hurrengo urtean erosi zuten ontzia". Hau izan da Zumaian izan den azken arrantzontzia. "Senarrak erretiroa hartu zuen eta semeek ez zuten harekin jarraitu nahi". Urtebetez edo egon zen portuan eta gero, orain 16 bat urte, hondoratu zuten. 

Gloriosorekin itsasoan barrena urrutira joaten zirela aipatu du Jexux Urbietak. "Ontzi horrekin Azoreetara eta Kanariar uharteetara joan ziren. Gogoan dut handik bueltan itsaso txarra aurkitu eta ontzia txikituta heldu zela portura. Foto Garrek atera zion behin argazki bat, portuaren sarreran, oker-oker zegoela". "Argazki hori etxean dugu. Ea aurkitzen dudan", erantzun dio Maixak.

Santelmoak sakratuak

Arrantzale askok San Telmoak itsasoan, kosteran igaro behar izan dituzte. Ez zen hori gertatzen Milagrosen etxean. "Repetizioetan ateratzen ziren. Santelmoak sakratuak ziren etxean". "Aita korporazioarekin joaten zen prozesioan", gaineratzen du alabak.

Bai senarrak, bai semeak izan zuten bandera igotzeko aukera, baina biek uko egin zioten omenaldiari. Orain emazteak/amak izango du ohorea. "Jexuxek deitu zidanean ia ez zidan denborarik eman pentsatzeko". "Deitu nion eta esan nion, 'Milagros, bi egun dituzu pentsatzeko' eta telefonoa eseki nuen", dio Jexuxek. "Alabari deitu nion esanaz bandera igotzeko eskatu zidatela eta hark segituan esan zidan baiezkoa emateko".

Pozik dago Milagros gonbitearekin; ohore handia da beretzat. "Ez du onartuko, baina urduri dago; barrenean darama", dio Maixak. Igande gauerdian jasoko du emakume honek herritar guztien esker ona.