Bisitarien gorakada nabarmena izan da Zumaian Aste Santu honetan

Baleike 2016ko mar. 30a, 18:51
Instagram

Turismo bulegoko datuak jaso eta aztertu ostean, Udalak jakinarazi du Aste Santuan zehar Zumaiak oso datu onak jaso dituela eta herrian izan den bisitari kopuruaren inguruko balorazio oso ona egiten du. 

Datuen arabera, 1.200 pertsona inguru pasa dira turismo bulegotik. Horiei guztiei turismo bulegotik pasa ez diren bisitariak gehitu behar zaizkie. Udal zerbitzutik pasa diren pertsona hauetatik %5a atzerritarrak izan dira, gehiengoa Frantziatik, Bretainia Handitik eta Alemaniatik etorriak. Espainiatik etorri den turista kopurua %10ean hazi da aurten, guztira, bisitarien %65a osatuz. Hauen artean, kataluniarrak, madrildarrak eta valentziarrak nagusitu dira. Euskal Herritik ere, bisitari ugarik aukeratu dute Zumaia egunpasa egiteko edo opor egun batzuk igarotzeko. Honen inguruan, Geoparkea lekurik bisitatuenetariko bat izan da. Bertan, bisita gidatu aukera zabala eskaini da eta ia 500 lagunek parte hartu dute, gehienak estatukoak izanik. 

Udaletik azpimarratu dute turismoaren gorakadak onura garrantzitsuak eragiten dituela herrian, bereziki tokiko merkataritza eta ostalaritzan. “Izan ere, bisitariak izateak eragin zuzena du herriko zerbitzuen kontsumoan”. Zumaiako denda eta komertzio txikien inplikazioa eta parte hartze handia nabarmendu ditu Udal Gobernuak, “inoiz baino saltoki gehiago egon baitira zabalik opor eta festa egun hauetan”.  Salmenten inguruan, komertzio hauetako jabeek ere oso balorazio positiboa egin dute. Ostalaritzari dagokionean, azken urteetako joera mantenduz, herriko ostatuen okupazio maila oso altua izan da. 

“Turismoak azken urteotan izan duen gorakada nabarmena izan da eta honen eraginez, turismoa herriarentzat eta bertako merkatari eta ostalarientzat diru iturri garrantzitsua bilakatu da”, adierazi du Udalak.