Donostia 2016ren Mendi Martxa Kulturaleko bigarren etapa Zumaiatik pasako da igandean

Baleike 2016ko mar. 29a, 21:05

Donostia 21016 Europako Kultur Hiriburua egitasmoaren baitan, Bidea izeneko Mendi Martxa Kulturala ekimena jarri da martxan. Pasa den igandean egin zen lehen etapa, Donostia eta Zarautz artean, eta igande honetan Zumaiatik pasako da, Zarautz eta Deba lotuko dituen bigarren etapan. 

Euskal gizarteak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kulturzaletasunak bat egiten dute proiektu honetan. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldea 32 etapatan zeharkatuko dituen ibilbidea da 2016 bidea. Hiria eta mendia tartekatuz, natur eta arte balio esanguratsua duten tokietatik igaroko da. Bidea egiteko antolatuko diren irteeretan, naturaz eta kulturaz aldi berean gozatu  ahal izango dute ibiltariek, ibilbidean jarduera kulturalak antolatuko baitira; bai hasieran, erdibidean edota amaieran. Martxoa eta urria bitartean, igandero eramango dute mendizaleek DSS2016EUren lekukoa Euskal Herri guztian zehar, ia 600 kilometro luzetan.

Pasa den igandean egin zen lehen etapa. Donostiatik abiatuta, mendiz Zarautzera heldu ziren. Orion antzerki saioa izan zuten eta Zarautzen, kalejira baten ondoren, flauta kontzertua. 

Igande honetan Zumaiatik pasako da Bidea. Lehen etapa amaitu zen leku beretik abiatu da taldea, Zarauztik (8:30ean) eta Deban amaituko dute martxa, 24,7 kilometro egin ondoren. Zumaiara goizeko 11:30ak aldera helduko dela aurreikusten da.

Egitasmoaren lotuta, zenbait kultur ekitaldi izango dira, denak ere hiritar orori irekita daudenak.

  • 09:30 – 09:45 | Txakolinari buruzko hitzaldia - Ameztoi upeltegian (Getaria) · Getariako Txakolina J.D.
  • 11:30 – 12:00 | Flysch-ari buruzko hitzaldia - San Telmo baselizan (Zumaia) · Euskal kostaldeko Geoparkea
  • 16:00 – 17:30 | Arte azoka - Andra Mari elizan (Deba); · Debako Udala

Izenak hemen eman daitezke. Prezioa: 7 € (kudeaketa-gastuak kanpo: 1,09 €). Deskontuak izango dira:

Deskontuak:

  • % 20: ikasleak, jubilatuak, DSSinnovako parte-hartzaileak
  • % 50: pertsona langabetuak
  • Joan-etorriko autobusa eta istripu-asegurua barne
  • Izena emateko muga-eguna: apirilak 1, 20:00

Ibilbidea hemen duzue.