Lan-esklabutzari ez! Gainerako langileen lan-eskubide berberak izatearen alde

Jessica Guzman Correa eta Silvia Carrizo 2016ko mar. 29a, 20:37

Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da martxoaren 30a. Horren harira, Malen Etxea emakume imigrante elkarteko kide Jessica Guzmanek eta Silvia Carrizok honako gutuna idatzi dute.

1988an, Hegoamerika eta Caribeko Etxeko Langileen Konfederazioak, Martxoaren 30a Etxeko Langileen Nazioarteko Eguntzat izendatu zuen. Egun hau ez zen ospakizun bat izateko asmoarekin izendatu: etxeko langileok mundu osoan zehar burutzen dugun lana aitortu eta gure lan-eskubideak aldarrikatzeko asmoz izendatu zen.

Egun honen harira, Malen Etxea emakume imigranteen elkartetik, etxeko lanak historikoki menpekotasun eta esklabutza egoerei lotuta egon direla gogorarazi nahi dugu. Klase eta maila sozialaren, zein jatorri etniko eta generoaren arabera definituak izan dira, eta egoera horrek gaur egunera arte iraun du. Gaur egungo etxeko langileek, XVIII. mendeko esklabuek ez bezala, soldata bat badute ere, XVIII. mendeko esklabuen lan- baldintza berberak bizi dituzte.

Aurreko astean, Zumaian, Malen Etxea elkarteko kideok Gipuzkoako etxeko langileen egoera zein den aztertzeko bildu ginen. Ateratako ondorioak kezkagarriak ez ezik mingarriak ere badira, etxeko langileen eskubideei dagokionez atzera-pauso nabarmenak eman direla ikus daitekeelako: legeak ezarritako gutxieneko soldata baino %40 baxuagoko soldatak interna modura lan egiten dutenentzat, urteko 14 ordain- sari jasotzeko eskubidea ez aitortzea, Gizarte Segurantzaren ordainketa patronala ez betetzea, langileari kontribuzioaren %100a deskontatuaz, eta azkenik, langilearen eskubideko jai egunak ez aitortzea.

Etxeko lau hormen artean, berriz, deskantsurako orduak ez errespetatzea, gauez deskantsurik ez izatea, langileek gauak beren lanean igaroz, asteko 7 egunetan, eta guzti honek osasun fisiko zein mentalean dituen eraginekin. Horrez gain, aurrez adostu ez ziren eta beraz, soldatan aitortzen ez diren ardura eta lan- karga erantsiak; esaterako: biloben zaintza, gurasoen etxera itzultzen diren seme-alabak... Baita langilearen bizitza eta osasuna arriskuan jar ditzaketen garbiketari edo pertsonen zainketari lotutako eskaerak ere: gruarik gabe lan egitea, eskularrurik gabe garbitzea, edo alturetan jardutea...

Zerrenda askoz luzeagoa izan daiteke, baina gaur honako aldarrikapen nagusi hauek azpimarratu nahi ditugu:

Marko orokorrean:

  • OITeko 189 Hitzarmenaren Berrespena eskatzea.
  • Gainerako langileen lan-eskubide berberak izatea: langabezia egoeran subsidio edo diru-laguntzarako eskubidea izatea. Kontratuzko markoan:
  • Interna modura lan egiten duten etxeko langileei, 1.200 euroko gutxieneko soldata aitortzea. → Urteko 14 ordain-sariak, jai-egunak eta lan-orduetako deskantsurako eskubidea aitortzea. → Erroldatzea edo enpadronamentua.
  • Zaintza-langileen osasun fisiko eta mentalaren atentzio zein prebentzioa.
  • Errespetua eta ondo tratatzea.

Adierazi nahi genuke, marko politiko eta sozialean, dependentzia egoeren atentziorako Politika Publikoen faltak, lan erreproduktiboetan gizonezkoen parte-hartze exkaxak, eta ebatzi gabeko genero arteko tentsioek, generoaren eta jatorri-etnikoaren araberako ez-parekidetasun eta menpekotasun egoerak sortzen dituztela emakumeen artean.