Zumaian ere herri galdeketa antolatzea erabaki du Gure Esku Dagok

Baleike 2016ko mar. 14a, 17:10

Joan den larunbatean egindako batzarrean onartu zen aurrera egitea galdeketarekin. Datorren larunbatean, martxoaren 19an, bilera irekia egingo da berriro galdeketa antolatzeko talde eragilea osatu eta martxan jartzeko. Zumaiako Gure Esku Dago taldeko kide Mendigaña Gorostiagak azaldu dizkigu galdeketaren inguruko lehen urratsak.

Larunbateko batzarrean 40tik gora lagun bildu zineten, sentsibilitate ezberdinekoak. Pozik jasotako erantzunarekin?
Batzarrean bildutako jende kopuruarekin eta aniztasunarekin oso gustura gaude. Aurrez, deialdia egiten aritu garenean, batzuk etorri ezina zutela, baina aurrera egiteko eta lanerako prestutasuna azaldu ziguten; beraz, esan dezakegu gaur 40 lagun baino askoz gehiago ginela, eta beraz honek ematen digun bultzada aurrera egiteko ere oso garrantzitsua dela guretzako. Aniztasuna ere oso garrantzitsua izan da, adin, genero, sentsibilitate politiko desberdinetako pertsonak bildu baikara, eta aurrerantzean ere aniztasun horren islada izango da parte hartzean; beraz, zabaltasun hori bermatuta dagoela ikustea laguntza handia da.

Herri galdetegia egitea onartu duzue? Hala bada, zer epetan egingo litzateke? Eta zer prozesu izango luke?
Herri galdeketa egitearen erronkari heltzea erabaki da. Erabakitzeko eskubidea gauzatuz aldarrikatu nahi dugu, baina horretaz gain prozesuak berak lagunduko digu herritarron artean zubiak eraikitzen eta ahal dugula sinestarazten. Beraz, lehen pausoa eman ondoren orain galdeketa bideratuko duen taldea eratu eta martxan jartzea dator. Jada datorren larunbatean lehen bilera egiteko data jarri dugu, eta eratzen den taldeak diseinatu beharko du erronkari nola heldu eta zein bide eraman. Galdeketa egiteko data, galdera, prozesua, dena dago erabakitzeko, baina epe motzean ziurrenik erantzun asko izango ditugu.

Herri galdeketa zer beste herritan edo bailaratan egin da? Zer harrera eduki dute?
2014ean Etxarrik eta Arrankudiagan egin ziren galdeketak, baina orain Gure Esku Dagok ziklo berri bati hasiera eman dio, eta datozen bi urteetan herriz herri galdeketak egiteko erronka hartu du. Datorren ekainaren bueltan Goierri, Dima, Ispaster, Debagoiena, Azpeitia, makina bat herrietan egingo dira herri galdeketak eta herritarrengandik erantzun ezin hobea lortu dute jada. Herrietan oso dinamika aberatsak sortzen ari dira, eta herritarrak aktibatzen ari dira erabakiaren inguruan. Oraindik galdeketa egunean zer nolako parte hartzea izango den esan ezin badaiteke ere, jada sortu duen giroa goraipatzen dute herri horietako batzordekideek.

Azpeitiko kideak izan dituzue bileran; inolako argibiderik eman al dizuete?
Azpeitiarrek lan handia egin dute dagoenekoz, eta jada hasi dira horren frutuak jasotzen. Gaur [larunbatean] festa handi bat egingo dute burututako sinadura bilketan izandako arrakasta ospatzeko. Beraiek egindako bidea azaldu digute, eta baita aurrera begira dituzten asmoak ere. Lagungarria izan da heldu beharreko erronka nolakoa den argitzeko, baina garbi dugu gure bidea geuk pentsatu eta egin beharko dugula.

Zein dira hurrengo pausoak?
Orain galdeketaren prozesua martxan jarri eta antolatuko duen batzorde sustatzailea eratzea izango da lehenengo pausoa. Horretarako datorren larunbatean, martxoak 19 goizeko 11:00etan, forondako ganbaran bilduko gara. Gaur jada 15 lagunek izena eman dute, baina deialdia lanerako gogoz dagoen edonorentzat dago luzatua. Lehen bilera honetan galdeketa antolatzeko protokoloa ezagutu eta eman beharreko lehen pausoak zehazten hastea izango da egiteko nagusia. Eta ondoren, pausoz pauso ikusiko dugu bidea nola egin.