'Carol' pelikula emango da asteburuan Aita Mari zinean

Baleike 2016ko mar. 11a, 15:09

Todd Haynesek zuzendu eta Cate Blanchett eta Rooney Mara aktore dituen Carol pelikula emango da asteburuan Aita Marin, ohiko ordutegian: larunbatean 19:30ean eta 22:15ean, eta igandean eta astelehenean 19:30ean. Ostiralean ez da saiorik izango antzerkiagatik.

Zuzendaria: Todd Haynes. Aktoreak: Cate Blanchett, Rooney Mara, Sarah Paulson, Kyle Chandler, Jake Lacy, Cory Michael Smith, Carrie Brownstein. Iraupena: 118 minutu. Generoa: Erromantikoa. Herrialdea: Estatu Batuak. Urtea: 2015.

TCarol iazko mendeko 50eko hamarkadako New Yorken dago girotuta. Manhattan auzoko denda bateko saltzailea da Therese, eta amets egiten du han bizimodu hobe bat izatearekin. Halako batean, Carol ezagutuko du, emakume dotore eta diruduna, senarrarekin batere zoriontsua ez dena. Bien artean gero eta sakonago eginen den harreman bat sortuz joanen da, bizitza betiko aldatuko diena.

Iaz Cannesko Zinemaldian estreinatu zenean, oso kritika onak egin zizkioten. Horrekin batera, sari garrantzitsu bat eskuratu zuen Rooney Marak: emakumezko aktorerik onenarena. Hortik aurrera, beste sari eta izendapen asko bildu ditu pelikulak; besteak beste, sei Oscar sari jasotzeko hautagai izendatu dute.