Udalak argiteria publikoa hobetzeko eta energia aurrezteko auditoretza jarri du martxan

Baleike 2016ko mar. 4a, 14:11

Zumaiako Udalak  jakinarazi du herriko argiteria aztertzeko auditoretza jarri duela martxan. Helburua da, auditoretzaren bitartez, zein arazo eta behar dauden eta zer hobetu behar den identifikatzea, ondoren, plangintza baten baitan ekintza zehatzak aurrera eramateko.

Horiek horrela, udal gobernuak auditoretza bat gauzatzea erabaki du helburu konkretu batzuk lortzeko. Xede nagusiak, energia aurrezkia lortzeaz gain, energia-eraginkortasuna eta Zumaiako argiteria publikoaren egoera hobetzea dira. Honen inguruan,  Zumaiako Udalak azpimarratu du, puntu beltzei irtenbidea ematea izango dela udal gobernuaren lehentasuna, aipaturiko puntu hauek segurtasun gabezi sentsazioa sortzen dutelako zumaiarrengan, eta bereziki emakumeengan. “Horiek konpontze aldera eta herritar guztien segurtasuna eta ongizatea hobetu eta bermatze aldera, Udalak, arazo honi irtenbidea ematea lehenetsiko du”.   

Honekin batera, Udaletik aurreratu dute, auditoretza amaitzean, hartuko diren neurrien berri emango dutela.

Amaitzeko, ohartarazi dute posible dela datozen egunetan, egunez ere, argiak piztuta egotea auditoretzaren inguruan egiten ari diren neurketa lanak direla eta.