Zumaiako kale-izendegian emakumeek presentzia handiagoa izatea onartu zuen Udal Plenoak

Baleike 2016ko ots. 26a, 15:29

Otsaileko ohiko udal plenoa egin zen atzo arratsaldean. Gai-ordenean zeuden proposamen ia denak alderdi guztien adostasunarekin onartu ziren. 

Proposamenen orduan, eta martxoaren 8an gogoratzen den Emakumeen Nazioarteko Egunari begira, Eudelek igorritako adierazpen instituzionala eraman zuen Udal Gobernuak plenora. (Adierazpena hemen irakurri dezakezue). Bozkatu aurretik, EH Bilduko Nerea Eizagirrek hitza hartu zuen eta adierazpenean hiru puntu txertatzea eskatu zuen. 

Zinegotziak pozgarria ikusi zuen adierazpena aurkeztu izana eta, bere esanetan, "Zumaiako Udalean ordezkatuak gauden talde politiko guztiok berdintasun erreala lortze bidean pausoak eman behar" dituztela. Adierazpen instituzionala "hutsean ez gelditzeko" eta berdintasunaren bidean "konpromiso zehatzak eta egingarriak" garatzeko, hiru proposamen "sinple eta erabat egingarriak" aurktu zituen. Udaletik bultzatu den Hiri debekatuaren mapa prozesuan kokatu zituen proposamenak.

Lehen proposamenean, emakumeen ikusgarritasuna bultzatu beharra ikusten da. Zinegotziak adierazi zuenez, Zumaiako espazio publikoan, "egun desoreka itzela" dago: 75 kaletik, 21ek gizonen izenak dituzte eta bostek besterik ez emakumeena, "horietatik hiru erlijioari lotuta, ez ziren emakume horiek errealitatean existitu. Ardantzabideko auzo berrian oraindik izenik ez duen plazari gizartearentzat ekarpena egin duen emakume erreferente baten izena jatzea proposatu zuen. Saregileak, Elvira Zipitria, Etxekoandreak edota Lucia Lacarra bezalako izenak jasotzen dira proposamenean, "baina bertako bizilagunekin eta Udaleko talde politiko guztien ordezkariekin adostu beharko litzateke izen konkretua".

Bigarren puntua ere ildo beretik doa eta Oikian, plaza edo kaleren bat Iñaxi Etxaberen izenarekin izendatzea proposatu zuten. "Lehenengotako emakume bertsolaria izanik, eta oraindik ere bizirik dagoenez, oraintxe bertan gauzatu beharreko proposamena dela uste dugu".

Aipatutako Hiri debekatuaren mapa diagnostikoan oinarrituta, plangintza zehatz bat eskatu zuen hirugarren puntuan, "urte erdiko epearekin (2016ko martxoa-2016ko urria) jada egina dagoen diagnostikoki emaitzak hemendik aurrerako hiriginza planetan nola txertatuko diren zehazteko eta egungo espazio publikoan zenbait zuzenketa egiteko".

EAJ-PNV eta PSE-EE ados

Proposamenak harrera ona izan zuen beste bi alderdietan. Hala, Oier Korta alkateak azaldu zuenez, "muinean ados" zegoen proposamenarekin. Plenoa ez da toki egokiena onartzeko, baina ados gaude puntu hauen inguruan lan egiteko. Batzordetan landu beharko lirateke". Hirugarren puntuari dagokionez, energia-auditoretza bat burutzen ari direla informatu zuen, "egon daitezkeen puntu beltzetan" eragina izan dezan. 

PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañon ere ados agertu zen hiru puntuekin. "Ikusten da desfasea dagoela kale-izendegian eta ikusten bada plaza bat izenik gabe dagoela, egokia da emakume baten izena jartzea. Oikian Iñaxiren izena jartzea leku bati oso egokia da". 

Gai ordeneko beste puntuak

Aztertu beharreko puntu bat, 2015eko aurrekontuari dagokion 17. kreditu aldaketa onartzea, gai ordenetik atera zuen alkateak, kontu-hartzailetzatik jasotako proposamenak akatsak zituelako.

Urola Kostako Udal Elkarterako ordezkarien ordezkoak ere aukeratu zituzten. Hala, Oier Korta alkatearen ordezkoa Jon Iraola izango da, Arritxu Marañonena Gotzon Enbil eta Alex Olidenena Arritxu Iribar.

Trafikoko Buruzagitza Nagusia, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza eta Zumaiako Udalaren arteko lankidetza hitzarmena ere zinegotzi guztien adostasunarekin onartu zen.

Diru-laguntzen plan estrategikoa hasiera izaeraz ere onartu zen. "Legealdi honetarako, hiru urteko iraupena izango duen Plan estrategikoa izango da. Diru-laguntzak eman ahal izateko beharrezkoa da plan hau egitea eta aurrekoa 2013tik iraungituta zegoen", adierazi zuen Marikruz Alvarez zinegotziak. Aldeko botoa eman zuten zinegotzi guztiek, nahiz eta EH Bilduko Joseba Azpiazu zehaztapen bat egin zuen: "Baiezkoa ematen dugu plan hau derrigorrezkoa delako, baina horrek ez du esan nahi diru-laguntzen eduki guztiarekin ados gaudenik". 

PSE-EEk aurkeztutako bi proposamenak, energia-pobrezian dauden pertsonei enerdia-hornidura ez mozteko neurriak hartzekoari dagokiona, eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 40. urteurrenari dagokion adierazpen instituzionala ere zinegotzi guztien adostasunarekin onartu ziren.

Pankarta eta pintaden ordenantza

Eskari-galderen tartean, EH Bilduko Arritxu Iribarrek eskatu zuen Udal Gobernuak iragarritako pankarta eta pintaden inguruko ordenantza "indarrean ez jartzea Udalbatzan tratatu arte". Ekarpenak egiteko aukera egotea eskatu zuen zinegotziak eta gaia batzordeetatik pasatzea. 

Gai hau Kirol Patronatuko batzorde batean aztertu zela gogoratu zion alkateak. "Gure asmoa zein ziren azaldu genizuen eta izan zenuten aukera zuen iritzia emateko. Orain atentzioa emateko ateratzen duzue gaia". Arritxu Iribarrek erantzun zuenez, gai hau "Gabonetako eskubaloi txapelketan gertatutakoaren ondoren dator. Esan zenuten asmoa zenutela ordenantza egiteko, baina batzorde hartan ez zen tratatu. Guk uste genuen beste nonbaiten tratatuko zela". "Erabakia hartuta" dutela erantzun zion, baina hurrengo batzorde batera eramango zutela.