Garbigune txiki bat jarri du Udalak Eusebio Gurrutxaga plazan

Baleike 2016ko ots. 24a, 19:00

Garbigunera gaiak eramateko kotxea erabili beharra dagoenez, birziklatzeko etxola hau ezartzea eskatu zion Udalak Urola Kostako Udal Elkarteari. Horrez gain, pasa den legealdian sinatutako hitzarmena alde batera utzi dutela onartu du alkateak eta hilabete hauetan hartutako neurriekin birziklatze mailak gora egitea espero duela gaineratu du. 

Etxola kokalekuan jarri eta berehala hasi dira herritarrak hurbiltzen.Plaza inguruan bizi diren emakume eta gizonezkoak ere hurreratu dira. Mota desberdineko olioak, pilak, jostailuak nora bota daitezkeen ikusi dute eta ate bakoitza zabaltzen ere aritu dira. «Orain aitzakiarik ez dugu», esan dio emakume batek bere lagunari. Noski, kexatu den jendea ere izan da. «Ez al da handiegia toki honetarako? Barrera antzerako bat ez al du egiten?», galdetu dio plazako botikako langile batek bertaratutako Oier Korta alkateari.

Korta berak azaldu duenez, Udal Gobernu berria sartu eta gutxira egin zuen etxolaren eskaera. «Plataformatik aurreko Gobernuari eskatu izan genion. Udaletxean sartu ginenean, uztailean, Urola Kostako Udal Elkarteari etxola honen beharra azpimarratu genion. Bestela, jendeak Joxe Mari Korta industrigunera eraman behar zituen hondakinak. Hiru kilometrora dago eta kotxea beharrezkoa da. Horregatik hirigunean gai hauek botatzeko gune baten beharra ikusten genuen».

Iazko uztailean eskatu bazen ere, otsailera arte ez da jarri kokalekuan. «Ekogras etxearen etxolak kamioi baten kajeraren itxura zuen. Plaza eraberrituta dago eta ez genuen leku horretarako egokia ikusten. Horregatik, egurrez estaltzea eskatu genuen. Zerbitzua, berez, Udal Elkarteak ordainduko du, baina estaltze lanak guk ordaindu ditugu. Gainkostua 3.000 eurora ez da heldu».

Garbigune mugikor honetan landare-olioa, arropa, jostailu eta liburuak, aparatu elektriko txikiak, hodi fluoreszenteak, autoko olioa eta filtroak, pinturak eta abar luze bat bota daitezke. «Birziklatzera bultzatu nahi ditugu herritarrak eta halako toki batean jartzeko ideian gai horretan sentsibilizatzea dago».

Kale garbiketa eta hondakinak

Kale garbiketa eta hondakinen bilketa zerbitzuen berri ere eman du. Hala, lehen batera esleitzen ziren kontratuak orain bitan banatu dituzte: kale garbiketa Serbitzu enpresak irabazi du eta hondakinen bilketarena Cespak. «Kale-garbigailu berri bat erosteko asmoa zuen aurreko Gobernuak. Sartu ginenean lizitazioa geratu genuen eta aurkeztu ziren enpresei kale-garbigailuaren beharra azaldu genien. Serbitzu enpresaren eskaintzak kale-garbigailu berri bat sartzen zuen eta aukeratua izatearen arrazoi bat izan da». Cespak, berriz, hilero sentsibilizazio kanpainak egingo ditu zortzi hilabeteko epean, ikastetxeetan, merkatariekin eta herritarrekin orokorrean. Infociti-Zumaia izeneko web gunea ere sortuko du. «Bertan iradokizunak eta kexak emateko aukera izango da, idatziz, argazkiekin edo bideoekin. Kanpainen berri ere bertan emango da», azaldu du Aitor Ibarguengoitia ingurumen teknikariak.

Tamaina handiko hondakinak biltzeko frekuentziak ere gora egingo du. Altzariak eta tamaina handiko beste gailuak lehen hileko azken ostegunean jasotzen ziren; orain astelehen, asteazken eta ostiraletan jasoko dira, 11:15etik 13:10era. Lerro zuri (garbigailuak, hozkailuak, etab.), lerro marroi (telebistak, etab.) eta lerro grisekoak (ordenagailuak, etab.), astearte eta ostegunetan jasoko dira. «Gailu hauek jaso nahi badira, aurrez 900103745 doako telefonora deitu beharko da abisua emateko».

Arrandegientzako hozkailua

Gorostiagako Garbigunean arrandegietan sortzen diren hondakinak kudeatzeko hozkailua ere jarri dute. «Arrandunek ezin zituzten beraien hondakinak edukiontzietara bota eta askotan ibaira botatzen zituzten. Orain giltza bana eman zaie eta hozkailu hau erabiltzeko aukera izango dute. Ate nagusitik ez, beste ate batetik sartzen da eta 24 ordutan erabiltzeko aukera izango dute. Arrain hondakin horiek enpresa batek jasoko ditu arrain-irina egiteko.

Arrain hondakin guztiak bidoi hermetikotan gordeko dira eta astean hirutan, enpresa batek eraldaketa zentro batera eramango du. Garraiorako erabiliko diren ibilgailuak horretara prestatutakoak izango direla azpimarratzen da. Hozkailuaren barruan galbanizatutako sareta bat jarriko da garbiketa burutzeko. Hondakin urak ur zikinen saneamendura bideratuko da.

Kimaketen ondoren pilatutako egurra tximinietan erabiltzeko emateak erantzun ona izan duela gaineratu du alkateak.