Suhiltzaileak, sutan

Baleike 2016ko ots. 23a, 19:00

Euskal Autonomia Erkidegoko suhiltzaileek sinadura bilketa bat martxan jarrita dute Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den lege bati frenoa jartzeko. Suhiltzaileen ustetan, Legebiltzarrera eraman nahi den proposamen horrek ez ditu jasotzen sektoreak pairatzen dituen hainbat arazoentzako soluziorik. Bestalde, beraien iritziz susmagarriak diren figura batzuk jasotzen ditu, ordukako suhiltzaileak, hain zuzen ere. 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako suhiltzaile-etxe guztiak ari dira parte hartzen lege horren aurkako mobilizazioetan. “Lehen aldiz EAEko 25 suhiltzaile-etxeak elkartuta gaude eta plataforma bat sortu dugu gure arazoen berri emateko”, dio Iñaki Zorita zumaiarrak. Zumaian jaio edo herrian bizi diren dozena bat lagunek egiten dute lan suhiltzaile bezala, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lurralde historiko honetan Zarauzko eta Azpeitiko suhiltzaile-etxeetan jarduten dute.

Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera eraman nahi duen suhiltzaileen legeak sutan jarri ditu sektoreko langileak. “Gure ustetan lege hori ez da egokia, gauza asko ez dituelako jasotzen. Lege baten beharra ikusten dugu, baina proposamen hau gelditzea eskatzen dugu. Zergatik? Bada, dauden arazo asko ez dituelako jasotzen edo zehazten. Lege-proposamenak ez du jasotzen zein diren zehazki gure ardurak, zeintzuk diren gure lan eremuak, esku-hartze bakoitzeko zenbat jendek egon behar duen edota zer arazorekin deitu behar gaituzten gu ateratzeko. Sute bat dagoenean garbi dago deitu behar dela; lokala urez bete bazaizu ere bai. Baina gure lan esparruak ez dira horiek bakarrik; beste gauza asko ere egiten ditugu eta hori herritarrek ez dakizkite”, dio Zoritak.

Behar-beharrezkotzat jotzen dutena suhiltzaile-etxeak 24 orduz zabalik egotea eta bertan lan egiten dutenak suhiltzaile profesionalak eta langile publikoak izatea da. Bizkaian eta Gipuzkoan 24 ordutan daude zabalik; Araban, berriz, Gasteizkoa egun osoan zabalik dago; beste herrietakoak, aldiz, gauez itxita egoten dira. “Arabako herri batean sute bat edo istripu bat badago, Gasteiztik joan behar izaten dute eta hor denbora pila galtzen da. Horregatik diogu lege horretan jaso behar dela, besteak beste, zenbat denboran erantzun beharko genukeen”.

Suhiltzaileen animoak asaldatu dituen figura lege-proposamenaren lehen zirriborrotan agertzen zen ordukako suhiltzaileena da. “Diote Frantzian eta beste herrialde batzuetan badaudela suhiltzaile boluntarioak. Gu ez gaude suhiltzaile boluntarioen aurka, baina ezin duguna onartu da zerbitzua boluntarioen bidez bakarrik estali nahi izatea. Gu profesionalak gara, formazio bat dugu. Horregatik diot jendeak ez dakiela zehazki suhiltzaile bat zer den. Askok pentsatuko dute suhiltzailea izateko nahikoa dela indartsua, azkarra eta ausarta izatea. Baina, horiez gain, prestakuntza bat beharrezkoa da. Elektrizitateaz jakin behar duzu, zurgintzaz, soldaduraz, kamioia gidatu behar duzu... Boluntario bat, demagun, sutan dagoen etxe batera hurbildu eta ur pila bat botatzen arituko da. Guk ez dugu hainbeste ur erabiltzen. Prestakuntzari esker badakigu sute desberdinak daudela eta bakoitza amatatzeko zer egin behar den. Suhiltzaile egiteko oposizio bat pasa behar da eta gero formazio jarraitua eduki. 24 ordutan suhiltzaile-etxean gaudenean ez gaude telebista ikusten: mantentze lanak egin behar dira, formazioa izan. Eguna halako lanak egiten pasatzen dugu”.

Jendeak suhiltzaileen figura ondo ezagutzen ez duela dio Iñakik. “Jende asko hasten da suhiltzaile izateko gogoarekin, baina ikusten dutenean atzean zer dagoen, askok utzi egiten dute. Ez da nahikoa indartsua, kirolaria eta ausarta izatea; asko ikasi behar da eta, bestalde, nerbioak eusten ere jakin behar da. Teoria jakin dezakezu, baina une kritikoan agian blokeatuta gera zintezke. Egoera horietan aukera asko daude eta bat aukeratu behar duzu; garbi eduki behar duzu, hautatu behar duzu. Horregatik, ez da gauza bera sute bat dagoenean horretara dedikatzen den jendea joatea edo sei hilabetean horretan aritu ez den bat joatea”.

Gasteizeko Gobernua lege-proposamen berriarekin hasi zenean zerbitzuaren pribatizazio arriskua ikusi zuten suhiltzaileek. “Uztailean bi mobilizazio egin genituen eta haren ondoren pribatizazioaren proposamena kendu zuten, baina hor atzealdean zerbait egon daitekeela uste dugu. Bestela, zertara dator ordukako suhiltzaileen ideia hori? Boluntario bati deitzen bazaio, hasteko suhiltzaile-etxera joan beharko du, jantzi, taldea osatu arte egon eta ondoren atera. Hor denbora pila bat galduko litzateke”. Aurretik, Gipuzkoan, suhiltzaile boluntarioak izan zituztela azaldu du Zoritak. “Denbora batean boluntarioekin lanean hasi ginen eta haien zain egon behar izaten genuen irteteko. Luze joaten zen. Zenbait sute ondoren, hiru kideko taldeak sortu ziren eta gaur egun lau kidekoak dira Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaile-etxe gehienetan, ahalik eta azkarren martxan jarri ahal izateko. Hala ere, gure ustez, ziurtasunarekin aritzeko, sei kideko taldeak izan beharko lukete”.

Zerbitzua kudeatzera enpresa bat sartzen bada, enpresa horrek nonbaitetik dirua atera nahiko duela garbi dute suhiltzaileek. “Orain zerbitzua zergen bidez ordaintzen bada, orduan, again, zerbitzu puntualengatik ordaindu beharko litzateke. Horregatik ari gara jendeari beraien sinadura eskatzen. Modu horretara politikariei erakutsiko zaie arazo bat dagoela”.

Sinadurak change.org plataformaren bitartez ari dira jasotzen. Kale, taberna eta zenbait eraikinetan itsatsitako kartelek daramaten QR kodearen bidez ere sinatu daiteke mugikorraren bitartez. “Jendeak agian pentsatuko du guretzako zerbait eskatzen ari garela. Ez da hori. Guk zerbitzu onena egotea nahi dugu eta publikoa izatea. Jendeari ez zaio buruan sartzen gure bizitza pribatuan ezbehar bat badugu, guk ere suhiltzaileen beharra izan dezakegula eta hor zerbitzu onena izatea nahi dugula”.