Espero baino 97.000 euro gehiago jasoko ditu Udalak Foru Aldunditik

Baleike 2016ko ots. 17a, 13:07

Gipuzkoako udalek aurreikusitakoa baino 7,4 milioi gehiago jasoko dituzte 2015ean Udalak Finantzatzeko Foru Fondotik, pasa den urtean funts honek izandako %1,7ko hazkundeari esker. Zumaiari dagokionez, espero baino 97.000 euro gehiago jasoko ditu Udalak.

Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, 2015ko likidazioaren berri eman zien Gipuzkoako udalerrien ordezkaritzari pasa den astelehenen Donostian burutu zen Gipuzkoako Finantzen Kontseiluaren baitan. Udaletxeek aurreikusita zeuden 429,5 milioien ordainketak 2015ean zehar jaso zituzten, eta otsailaren 25ean jasoko dute aipatutako 7,4 milioiko gainsoldata.

Udalen finantzaketarako funtsaren banaketa era horizontalean egiten da, udalerri bakoitzak duen pisuaren arabera. Hori dela eta, Urola Kosta eskualdeko herrien kasuan, Zarautz da ekarpen gehigarri handiena jasoko duena, 228.000 euro hain zuzen. Azpeitiak eta Azkoitiak, bere aldetik, 147.000 euro eta 116.000 euro gehiago jasoko dituzte, hurrenez hurren.

Zumaiaren kasuan, 2015eko aurrekontua 5.624.166,39 eurokoa zen eta urte amaierako likidazioa 5.721.268,73 eurokoa da. Beraz, 97.102,34 euro gehiago jasoko ditu.

Larrañagak datuaren irakurketa baikorra egin du eta Gipuzkoako udalentzako albiste ona dela nabarmendu. Hala ere, “zuhurtzia” eskatu die tokiko administratzaileei, "nazioarteko eszenatokian dauden ziurgabetasunak horretara behartzen gaituzte eta". "Eskura ditugun baliabideei ahalik eta etekin gehien atera eta gure erakundeen jasangarritasuna bermatzeko garaia da", azpimarratu du Larrañagak, eta udalei zentzu honetan lan egiteko eskatu die.