'Euskara jendea: mundua osatzen' ikus-entzunezkoarekin hasiko da gaur 'Euskara, bestela ez gara' zikloa

Baleike 2016ko ots. 17a, 11:22

Juan Carlos Etxegoien Xamar ekoizlearen Euskara jendea dokumental sortaren azken emaitzarekin hasiko da gaur Euskara zerbitzuak antolatzen duen Euskara, bestela ez gara zikloa. Saioa 18:30ean hasiko da Alondegian.

Aurten, hitzaldien ordez, lau ikus-entzunezko emango dira. Hala ere, amaieran solasalditxo bana izango da gonbidatu batzuekin.

Juan Carlos Etxegoien Xamar izango da gaur Zumaian. Euskara Jendea izeneko liburua idatzi zuen 2006an eta haren ondoren, 2013an dokumentala sorta bat ekoitzi zuen, talde-lanean. Hautetatik seigarrena eta azkena ikusteko aukera izango da gaur Alondegian.

Sinopsia:
Pizkunde aroa 36ko Gerrak moztu zuen, baina indarrez berpiztu zen 60ko hamarkadan izugarrizko lana bururatuz mendearen azken erdian: kultura, hizkuntza batu, irakaskuntza, hedabideak sortu… Azken urteotan euskarak lurralde eta funtzioak galdu (Ipar Euskal Herrian bereziki) eta irabazi ditu (Hegoaldean batez ere) aldi berean. Bestalde, hiritartu egin da. Egun, inoiz ez bezala, euskaldun gehienak hirietan bizi dira. Hala ere, euskaldungoak minorizaturik jarraitzen du: familia transmisioak zailtasunak ditu, hainbat tokitan euskara ez da ofiziala eta, ofiziala den tokietan, ez dago erdararen pare. Euskara bizirik ailegatu da XXI. mendera. Hemendik aurrera, baina, erronka berriak ditu, galdera berriak ditu, eta galdera berri horiei erantzun beharko die, orain arte bezalaxe, iraungo badu.