Kalean zeuden pankartak kendu izana salatu du Ernaik

Baleike 2016ko ots. 14a, 10:15

Alondegi parean, Amaiako plazan eta Zumaiako beste leku batzuetan zeuden pankartak kendu izana salatu du Zumaiako Ernaik. Beraien esanetan, Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzarekin, kendu zituen kartel horiek. "Noren aginduz?" izan zen galdetzen dute.

Twitter sare sozialaren bidez salatu du Ernaik kartel hauek kendu izana.

Torturaren inguruko datuak ematen zituen Ernairen pankartak. Beste pankarta batean Correscales Korrika Prekarioaren inguruko informazioa ematen zela diote. "Hura ez zen gurea". "Alondegi paretik eraman zuten argazkikoa, baina Amaiako Plazakoak ere eraman zituzten. Eta oker ez bagaude, zubi txikiko bat ere bai. Hori ere ez zen gurea", azaldu dute. 

Gertakari honen harira, honako idatzia helarazi du Ernai Zumaiak:

Non daude gure pankartak?

Gaur, iluntzeko 21.00ak aldera, Ertzaintzaren hiru patrullaren laguntzaz, Zumaiako Udaltzaingoek, arratsaldean itsatsi ditugun pankartak lapurtu dizkigute.

Ez zaigu pasarte arrotza egin. Duela pare bat hilabete giro ezin hobean ospatzen ari ginen eskubaloi txapelketan ere izan baikenuen Udaltzaingoen bisita.

Otsailaren 13a da gaur, torturaren aurkako eguna. EHko tortura kasuen datuak eman nahi izan ditugu, torturatuak izandako hainbat zumaiarren testigantzak erakustearekin batera. Bada, badirudi baten bati ez zaiola gehiegi gustatu, ordu gutxi batzuk iraun baititu datuak ematen zituen pankartak kalean.

Gureekin batera, Movistarreko langileekiko Correscales elkartasun ekimenaren inguruko informazioa ematen zuten pankartak ere eraman dituzte.

Gaur, Zumaian, isilaraziak izan dira gustukoegi ez diren mezuak. Zentsuratuak. Honen aurrean, bi galdera egin nahi ditugu:

- Nork agindu du gertatutakoa?

- Zergatik? Kaleak guztionak dira. Eta guztionak izaten jarraituko dute.