Eskualdeko gazte kualifikatu langabeak eta enpresak uztartzeko ekimena

Baleike 2016ko ots. 2a, 15:02
Aurkezpeneko irudia

Urola Kostako Udal Elkarteak Hazilan proiektua jarri du martxan. Eskualdeko gazte kualifikatu langabeak eta eskualdeko enpresak uztartuko dituen ekimena da. Bost urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da), Garapen Elkarteak koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak.

Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasketak egin dituzten gazte askok zailtasunak dituzte beren esparruko ikasketekin lotutako lanpostuetan laneratzeko. Sarri oso epe laburreko lanpostuak eskuratzen dituzte, jarraipenik gabe, eta lan-merkatuan sartu eta irten dabiltza. Gazte horien prestakuntza teknikoa eta akademikoa goi mailakoa da, baina laneratzeko, lan ibilbidean arrakasta izateko eta lanean eraginkorrak izateko ezinbestekoa dute zeharkako konpetentziak lantzea: komunikazio gaitasuna, proiektuak kudeatzeko gaitasuna, lantaldeak kudeatzeko gaitasuna…

Era berean, enpresek zailtasunak dituzte eguneroko lan martxarekin proiektu berriak edo berrikuntzak egiteko. Mahai gainean dituzte hainbat ideia, asmo eta proiektu, baina ezin ekin. Enpresek prestakuntza tekniko eta akademiko egokia duten langileak behar dituzte, baina, baita ere, gero eta gehiago, gorago aipatutako zeharkako konpetentziak dituztenak.

Lanbiden inskribatuta dauden lan eskatzaile langabetuen 2015eko abenduko datuek erakusten dutenez, eskualdean 2.301 pertsona daude langabezian. Horien %14, hau da, 326 pertsona, 20-35 urteko gazteak dira, lanbide heziketako goi zikloa edo unibertsitate ikasketak eginak dituztenak. Generoari erreparatzen badiogu, 326 pertsona horietatik 136 gizonezkoak dira eta 190 emakumezkoak.

"20-35 urte bitarteko 326 pertsona horien laneratzeko aukerak hobetu nahi dira, arreta berezia eskainiz emakumeei. Hori da Hazilan proiektuaren erronka", azaldu dute.

Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak). Proiektuaren 5 urteko aurrekontu osoa (20 garapen agentziena) 6.000.000,00 eurokoa da eta gure eskualdeko proiektuarena 318.000,00 eurokoa. Hazilan proiektuaren helburua da 20 eskualde horietan 5.000 lanpostu sortzea, horien %55 emakumeentzat.

Proiektuaren helburuak

Hazilan proiektuak bi helburu ditu:

  • Goi mailako ikasketak dituzten eta lanik gabe dauden gazteei zeharkako konpetentzietan prestakuntza ematea.

  • Proiektu bat bideratu nahi duten enpresatan gazte horiek txertatzea, hainbat eratara (praktikak, lanpostuan bertan prestakuntza, proiektu berriak…).

Gazteei eta enpresei tutoretza bidezko jarraipen eta laguntza zerbitzu zehatza eskainiko zaie, proiektua bideratzeko. 

Bost urteko proiektua da eta deialdiak urtero egingo dira. 2016-2020 epealdian hainbat deialdi egingo dira. Lehenbizikoa orain hasiko da, bigarrena datorren irailean egingo da. Lehen deialdi hau, otsailaren 22an hasi eta ekainaren 23an amaituko da.

Gazte kualifikatuek lehendabizi Aktibatu urratsa egingo dute (zeharkako konpetentziak landuko dituzte, talde autogestionatu eta banakako jarraipenaren bidez). Horrekin batera, prestakuntza jasoko dute (on-line eta aurrez aurreko jarraipen saioekin) eta ondoren enpresetako proiektuak lantzen hasiko dira.

Izen-ematea eta informazio saioa

Informazio-saio bat egingo da interesa duten gazte kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

Eguna eta ordua: otsailak 12, 10:00etan

Non: Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz)

Izena emateko epea hasiko da otsailaren 3an eta amaituko da otsailaren 15ean. Ondoren, izena ematen duten hautagaiekin, hautaketa prozesu bat egingo da (elkarrizketak egingo dira eta CVa baloratuko da).