Bakearen aldeko konpromisoa erakutsi du Maria eta Jose ikastetxeak

Baleike 2016ko urt. 30a, 01:28

Urtarrilaren 30 batean, orain 68 urte, hil zuten Mahatma Gandhi. Egun hori, urtarrilaren 30a, Indarkeriaren aurka eta Bakearen aldeko nazioarteko eguna bezala izendatua izan da eta urtero gogoratu dute Maria eta Jose ikastetxean. Aurten berrikuntza bat izan da: ikastetxetik kalera eraman dute ekitaldia. 

"Baziren urte batzuk ekitaldia kalera eraman nahi genuela, baina aurten arte ez dugu burutu" azaldu du Isaak Aranberri ikastetxeko zuzendariak. Eguraldia lagun izan ez badute ere, kalejiran egin dute ikastetxea eta Beheko plaza arteko bidea. Musika aurretik zutela, eta M&J Ikastetxea: bakezale, bakigile eta bake eske lema zeraman pankarta baten atzetik, moila eta Erribera kalea zeharkatu dituzte, plazaraino heldu aurretik. Han, Ibon Ibarguren irakaslea gidari zela, burutu dute ekitaldia.

Ez dira falta izan kandelak, isiluneko minutua eta haurrek kantatutako bertsoak. Bakearen aldeko dekalogoa ere irakurri dute. Hona hemen hamar puntuak: 

  1. Bizitzeko eskubideak du funtsezko lehentasuna: Lehentasunik garrantzitsuena bizitzeko eskubidea defendatzea da, hori kenduta gainerako eskubideek ez baitute zentzurik. 
  2. Biktimez oroitzea aurrera egin ahal izateko ezinbesteko bidea da: Biktimen aldeko oroimena eta duintasuna zaindu nahi ditugu, beren sufrimenduaren omenez, etorkizunerako ikasbide, zaurik berriz ireki ez daitezen eta elkarrekin gero eta hobeto bizitzen ikas dezagun.
  3. Pertsonen aurkako indarkeria: Pertsonaren duintasunaren aurkako indarkeria mota guztiak irmoki baztertzen ditugu. 
  4. Bizikidetza: Elkarrekin bizitzeko modua hobetu nahi duen gizarteak giro egokia behar du, bakea, askatasuna, justizia eta giza eskubideenn errespetua oinarri direla.
  5. Bakearen kultura: Ezinbestekoa da bakearen kulturak dakartzan balioak zabaltzea eta sustatzea gizartean.
  6. Kultur-aniztasuna: Kulturen arteko gizarte baten baitan, desberdintasunak aberastu egiten gaitu.
  7. Begirunea: Tolerantzia, elkarrizketa, elkartasuna eta justizia bezalako balioetan oinarritutako bizikidetza taxutzeko, bakeari begira heztearen aldeko apustua berresten dugu.
  8. Gatazkaren aurrean, Elkarrizketa: Jakin badakigu, bakean bizitzea ez dela, besterik gabe, gatazkarik gabe bizitzea; gatazkei aurre egitea da, betiere, inolako indarkeriarik erabili gabe eta, elkarrizketa eta ulermena bake-tresnatzat erabilita.
  9. Adiskidetza: Gure gizartean autokritikaren espiritua, barkamena eskatzeko apaltasuna eta barkatzeko prestutasuna sorrarazteko konpromisoa hartzen dugu, adiskidetzeko bideak izan daitezen.
  10. Esker ona: Giza eskubideen alde diharduten pertsona, gizarte-erakunde eta mugimenduei gure eskerrik beroenak.

Ekitaldiaren amaieran haur eta gaztetxoek zeramazkiten zuri koloreko globoak soltatu dira airean.