'Zumaia ezagutzen' heziketa programa berrikuntzekin dator 2015-2016 ikasturtean

Baleike 2016ko urt. 14a, 15:21

Urte berriari hasiera eman eta Zumaiako ikasleak udalerria ezagutzeko heziketa programan murgiltzear daude. Urtarriletik martxora bitartean herriak bizi duen bilakaera aztertzeko ekintza ezberdinak burutuko dituzte, gizakiak ingurumenari eragindako kalteen inguruan hausnartuz eta ohitura onak sustatuz.

Aurten, gainera, herriaren garapen historikoa osatu eta eguneratzeko helburuarekin, hainbat berrikuntza txertatu dira programaren atal ezberdinetan. Hala, besteak beste, kanpina, Zumaiako Industri Ondarearen inguruko panelak, Yereguitarren erlojua eta lehenengo kale-errotulazioaren berri ematen duen dokumentazioa barneratu dira. Horiekin batera, Aita Marik ere protagonismo berezia hartu du, 2016 urtean bere heriotzaren 150. urteurrena ospatzen baita.

Horrenbestez,  Zumaiako Udalak antolatutako ingurumen heziketa programa honetan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1go eta 2. mailako ikasleek hartuko dute parte. Hala, Zumaiako Institutuko, Zumaiako Herri Eskolako, Maria eta Jose ikastetxeko eta Oikiako Herri Eskolako 460 ikasle inguruk parte hartuko dute, eta programaren garapena Arazi enpresako hezitzaileen laguntzarekin burutuko da.

Lehen hezkuntzako 5. mailako ikasleek ‘Denboraren bila’ ikas-unitatea landuko dute. Ikasleek Zumaiako historian zehar bidaiatuko dute, Zumaiak hiri gutuna lortu zuenetik gaur egun arte, beti ere ingurumenarekiko arreta berezia edukiz eta Zumaian eman diren aldaketak aztertuz. Jarduera horri girotze saio baten bitartez emango diote hasiera ikasgelan. Bigarren elkargunea, ordea, Kofradia izango da, bertatik abiatuko baitute Zumaiako historian zehar taldeka burutuko duten bidaia.

Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek ‘Argazki rallya’ landuko dute. Unitate horren bitartez, Zumaiako azken ehun urteotako historia ezagutuko dute ikasleek. Horretarako, taldeka bildu eta, argazki zahar eta berrietan oinarrituz, azken ehun urteotako historiaren zergatiak aztertuko dituzte. Unitatearen garapenean zehar, argazki berriak ateratzeaz gain, leku horiei buruzko dokumentazioa aurkitu beharko dute ikasleek.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako  1. mailako ikasleek ‘Zumaia eta Artea’ unitatea landuko dute. Jarduera horretan zehar, Zumaiako historiaren garapena ezagutu eta herriko eraikin esanguratsuenak aztertuko dituzte, haien testuinguruetan eta ezaugarrietan sakonduz.

Azkenik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako  2. mailako ikasleek ‘Ontzigintza Zumaian’  unitatea landuko dute. Ikas-unitate horretan, Zumaiako herrian ontzigintzak izandako garrantziaz gain, egungo egoera aztertuko dute. Hala, ikasgelan burutuko den saioaren ondoren, Astilleros Balenciaga S.A. ontziolara bisita burutuko dute, ontziak egiteko urratsak bertatik bertara ezagutuko dituztelarik.

Finean, 2016 urtean ere, adin bakoitzari egokituriko ikas-unitateak garatuz, Zumaiako ikasleek herriaren ezagutzan sakonduko dute.