Guraso eskolak egingo dira otsailean eta martxoan

Baleike 2016ko urt. 14a, 13:57

Azken urteotan bezala, aurten ere guraso eskolak egingo dira otsailean eta martxoan. Udaleko Hezkuntza Sailak eta Gizarte Zerbitzuek elkarlanean antolatu dituzte bi eskolak; 6-12 urte bitarteko haurren gurasoentzat bat, eta 12-16 urteko gaztetxoen gurasoentzat bestea.

Landuko diren gaiak haur eta gazteen heziketarekin lotutakoak izango dira; haur eta nerabeen auto estimua nola zaindu, komunikazioa nola hobetu, neba-arreben arteko gatazkak nola bideratu, nola motibatu eskolan …

Saioak otsailaren 1ean hasiko dira eta sei astelehenetan egingo dira (otsailaren 8an ez da egongo saiorik inauteriengatik), azken saioa martxoaren 14an izango da. 6-12 urte bitarteko gurasoentzat eskola 15:00etatik 16:30era  egingo da. Eta 12-16 urteko gazteen gurasoentzat eskola, berriz, 19:00etatik 20:30era. Biak ere Branka Gizarte Zentroan (atzeko atetik sartuta).

Bi guraso eskolak gidatuko dituen aditua Mirea Centeno, psikologo eta psikopedagogo zumaiarra izango da eta goian aipatutako gaiak landuko diren arren, gurasoek eskolan planteatzen dituzten kezka eta gaiei erantzuten ere saiatuko da.

Izen ematea urtarrilaren 22ra arte dago zabalik, 6-12 urte arteko haurrena eskoletan bertan eta 23-16 urteko gazteen gurasoena Brankan, gizarte zerbitzuetan. Informazio gehiago nahi duenak Udalera jo dezake, hezkuntza sailera, edo eta gizarte zerbitzuetara.