‘El club’, Elizaren barrenak agerian uzten dituen lan gordinarekin hasiko da neguko zine forum zikloa

Baleike 2016ko urt. 12a, 18:00

Alemaniako hiriburuan ospatzen den Berlinale zine jaialdiko ikuslegoa zur eta lur utzi zuen iazko neguan; irailean Donostiako Zinemaldiko pelikula kuttunenetakoa izan zen, nahiz eta sarien orduan esku hutsik atera zen. Pablo Larrain zinegile txiletarraren El club pelikulaz ari gara, Ostarrena zine klubaren neguko zine forum zikloa zabalduko duen lan gordina eta beharrezkoa. Saioa ostegunean 22:00etan hasiko da Aita Mari zinean. 

Ziega ilunenean ezkutatzen saiatu badira ere, Eliza katolikoaren baitan sexu-abusuen inguruan izandako eskandaluak azalera atera dira azken hamarkadetan. Hedabideetara bakarrik ez, ikus-entzunezkoen mundura ere heldu da. Horren adibide da Amy Berg zuzendari estatubatuarraren Deliver us from evil dokumental lazgarria.

Sexu-abusuak bakarrik ez, Eliza katolikoak Pinocheten diktadurapean (1973-1990) izandako jokabidea zeharka bada ere aztertzen du lan gogor, gordin eta beharrezko honek.

Lau gizon batera bizi dira, kostako herri txiki bateko etxe isolatu batean. Iraganean egin zituzten bekatuak garbitzeko bidali dituzte hara. Diziplina gogor baten mendean bizi dira, zaintzaile erne baten begiradapean. Baina bosgarren gizon bat iristean, haien errutinaren egonkortasun hauskorra etengo da. Iritsi berriak duela gutxi galdu du bere izen ona, eta haiek ustez atzean utzitako iragan bat ekarriko du berekin.

Pablo Larrain zuzendari txiletarraren seigarren lana da hau. 2005ean zuzendu zuen bere lehen film luzea, Fuga. Haren hurrengo lana, Tony Manero (2007), Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zen, 2008an. Post Mortem (2010) Veneziako Sail Ofizialean lehiatu zen. Prófugos (2011) ere zuzendu du, Txilen ekoitziriko HBOren lehen telesaila. Haren azken-aurreko filma, No (2012), Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zen eta Oscar sarietarako izendatu zuten, atzerriko film onenaren atalean. El club filmarekin Zilarrezko Hartza lortu zuen Berlinaleko azken edizioan, nahiz eta, Donostiako Zinemaldian esan zen bezala, Berlingo zine jaialdiko sari nagusia mereziagoa zuen.

Beste bost pelikula

Martxoaren bukaerara bitartean beste bost pelikula emango ditu Zumaiako zine klub taldeak. Urtarrilaren 28an Jafar Panahi zinegile irandarraren Taxi Teheran emango da. Zuzendari honek ezin du pelikularik errodatu 2010. urtetik, Irango agintariek debekua ezarri ziotenetik. Hala ere, debekuari aurre egin eta ordutik hiru pelikula estreinatu ditu. Azken honekin Berlingo zine jaialdiko Urrezko Hartza irabazi zuen.

Otsailaren 11n jatorri islandiarra duen Rams. El valle de los carneros emango da. Grímur Hákonarson zinegileak idatzi eta zuzendutako lan saritua da: Cannesen, Un Certain Regard zikloan, pelikula onenaren saria jaso zuen; Valladolideko zine jaialdian ere pelikula onena bezala aukeratu zuten. Otsailaren 25ean Charlotte Rampling eta Tom Courtenay beteranoak buru dituen 45 años emango da.

Martxoaren 10ean, Emakumeen egunaren harira, Grandma film independente estatubatuarra eskainiko da eta hilaren 31n Benoît Jacquot frantziarraren 3 corazones.